EAJk eta PSE-EEk baztertu egin dute azalpenak ematea Kontxako kabinetako zuloaren eta Okendotegiko istripuaren inguruan
Maiatzeko osoko bilkuran premiazko bost gai jorratzeko proposamena egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. Guztiak baztertu ditu Donostiako Udalbatzak, udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren botoekin –gehiengoa dute–. Bi udal taldeen bozeramaileek azaldu dituzte arrazoiak. “Ez dira premiazkoak, beste helburu batzuk dituzte. Ez duzue informazioa lortu nahi, alderdikeriaz jokatzen duzue”, azaldu du EAJren bozeramaile Jon Insaustik. Ildo beretik aritu da Marisol Garmendia sozialisten bozeramailea: “Udal batzar aretoa erabiltzen duzue zuen joko politikorako”.
Kontxako kabinetan metroko lanek eragindako zuloaren inguruko premiazko azalpenak eskatu dituzte EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. Ordea, berriz ere uko egin diote argudiatuz asteleheneko ETSren batzordean azaldu zela hilaren 7an gertaturikoa. “Alkateak beste aukera bat galdu du azalpenak emateko. Prentsaurrekoetan egindako galderei erantzunez soilik egin ditu adierazpenak, eta gezurrak esateko”, salatu du Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak.
Bestalde, larunbat gauean Okendotegiko AHTaren lanetan izandako istripuaren inguruko premiazko azalpenak ere eskatu dituzte. “Donostian egiten ari diren obra publikoa izanik, horien inguruko kontrola zorrotzagoa behar luke, eta istripu bat gertatzen bada, horren inguruko informazioa eman behar da”, azpimarratu du Elkarrekin Donostiaren bozeramaile Aitzole Aranetak. Udal gobernuko bi alderdiak istripuaren harira ez dute hitza hartu, eta premiazkotasunaren kontra bozkatu dute.
Beste bi gai ere eraman dituzte udalbatzarrera premiazko gisa jorratzeko. Batetik, Santa Klara uhartean itsasargiko obrako hondakinak erre izanaren ingurukoa. Eta, bestetik, Berrako DomusVi erresidentzian hildako egoiliar baten familiak jarritako salaketa. Izan ere, familiak dio euren senidea ez zutela behar bezala zaindu eta artatu.