Ategorrietako sarraskian eraildakoak omendu ditu Kontseilu Sozialistak
(Argazkia: Kontseilu Sozialista Donostia) Donostiako Kontseilu Sozialistak Ategorrietako sarraskian eraildako langileak, zauritutakoak, eta greban ari ziren guztiak omendu zituen atzo, Ategorrietako erlojuaren ondoan. Lore eskaintza bat egin zuten, eta musikaren eta poesiaren bidez egin zuten omenaldia.
“Gure ustez garrantzitsua da langile klasearen memoria berreskuratzea, eta horretarako, denetariko borroka esperientziak gogoratu behar ditugu. Hala ere, borroka hauek eta hauetan parte hartu zuen jendea ez dira soilik modu folkloriko eta memorialista batean gogoratu behar. Gure klasearen memoria berreskuratzea, langile klaseak hainbat hamarkadatan aurrea eraman dituen borroketatik ikastea da”, Kontseilu Sozialistaren arabera.
Izan ere, atzo 90 urte bete ziren Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1936ko gerra eta frankismoko fusilamenduak kontuan izan gabe, XX. mendean Euskal Herrian langileen aurka izandako sarraskirik handiena izan zen Donostiakoa: Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira gertatu zen Ategorrietako sarraskia. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietako sarraskiari buruzko erreportaje interesgarria idatzi dugu Josetxo Otegi historialariaren ezagutza oinarri hartuta, eta Ategorrietan eraildako Jose Novo arrantzalearen ilobari elkarrizketa egin diogu.

