Intzidentzia metatuak gora egin du Donostian
84 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan, eta intzidentzia metatua 199,02koa da. Intzidentzia metatuak gora egin du zazpi osasun eremutan.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 84 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian asteburuan: 32 kasu positibo ostiralean, 26 kasu larunbatean, eta 26 kasu, berriz, atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 199,02koa da, eta gora egin du. Joera gorakorra mantendu ostean, hilabete darama Donostiak intzidentzia metatuaren beherakadarekin; ostiralean, ordea, berdin mantendu zen, eta gaur gora egin du. Izan ere, 195,73koa zen intzidentzia metatua ostiralean, berdina izan zen ostegunean, eta 206,15ekoa zen, berriz, asteazkenean. Azken hilabeteko beherakadaren ostean, intzidentzia metatuaren joera aldatzen hasi da.
Iazko azaroaren 9tik indarrean zegoen alarma egoera bertan behera gelditu zen duela hiru aste, eta, hori dela eta, dagoeneko ez dago mugikortasun mugarik, ezta etxeratze agindurik ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko hainbat neurri ezarri ditu, tartean ostalaritza establezimenduek 22:00etan itxi behar izatea. Jaurlaritzaren neurriak, gutxienez, beste lau astez egongo dira indarrean, Labi batzordea egoera aztertzeko berriz bildu arte. Denbora tarte horretan, txertaketa prozesua azkartzea espero du Jaurlaritzak.
59 urtetik beherakoei txertoa jartzeko hitzordua ematen ari da Osakidetza, eta Janssenen txertoa hartzen ari dira 50 eta 59 urte bitartekoak. Gainera, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.
Gauzak horrela, ondorengoak dira indarrean dauden neurriak:
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu du norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 6:00etara mugatzeko, “borondatez”.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe, bi salbuespenekin: ostalaritza establezimenduetan, gehienez lau pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean. Bestalde, kirola 6 pertsonako taldeetan egin daiteke gehienez. Hala ere, eskatu du bilkurak lau lagunetara mugatzeko.
- 22:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40koa da, eta 150 metro koadrotik beherakoetan %60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50 jarri ahal daitezke.
- Elkarte gastronomikoak, lonjak eta gazteen lokalak itxita daude.
- Ostalaritzan, barrualdeko edukiera %50era mugatuta dago. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon daitezke. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
- Gaueko aisialdiko establezimendu eta lokal guztiak itxita egongo dira oraindik.
- Joko aretoek 22:00etan itxi behar dute, eta edukiera %50era mugatu behar dute.
- Kultur guneetan edukiera %35era mugatu dute. Beila eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona egon ahal dira gehienez; eta, leku itxietan, sei pertsona gehienez.
- Musika eta kantu jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloak egin beharko dituzte.
- Kirol instalazioen edukiera %50era mugatu dute, eta aldagelena %35era. Ez da ikuslerik egongo kirol ekitaldietan.
- Kirola aire zabalean edo barnealdean egiteko, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira. Eskola kirolaren entrenamenduan ezingo dira aldagelak erabili. Maskara derrigorrez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisikoetan izan ezik.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du zazpi osasun eremutan, eta behera egin du Amara Berrin eta Parte Zaharrean; berdin mantendu da Altza-Rotetan eta Grosen:
- Bidebieta: 319,13
- Loiola: 258,93
- Egia: 236,71
- Altza-Roteta: 199,03
- Amara Berri: 196,90
- Intxaurrondo: 192,78
- Ondarreta: 179,27
- Amara-Erdialdea: 168,93
- Parte Zaharra: 158,96
- Aiete: 152,41
- Gros: 135,08
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Loiola: 6
- Altza-Roteta: 5
- Intxaurrondo: 4
- Ondarreta: 3
- Amara Berri: 3
- Gros: 3
- Egia: 1
- Bidebieta: 1
- Amara-Erdialdea: 0
- Aiete: 0
- Parte Zaharra: 0