Intxaurrondoko zuzkidura bizitokietako familiak bertan geratuko dira
Kaleratzeak STOP plataformak jakinarazi du Intxaurrondoko zuzkidura bizitokietako familia batzuei bost urteko kontratua amaitu zaiela, eta alokairu sozialeko etxebizitza bat lortu bitartean bertan geratzeko bermea eskatu dute. “Ekonomikoki eta sozialki kalteberak” dira familia horiek plataformaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak “etxebizitza duina eta egokia izateko eskubide subjektiboa ukatu die” familia horiei, esan dutenez.
Intxaurrondoko familia hauei bost urteko kontratu luzaezina amaitu zaie maiatzean, eta Kaleratzeak STOPek beste alternatiba bat aurkitu bitartean bertan geratuko direla adierazi du; izan ere, haien esanetan, bizitoki hauen maizterrak, normalean, guraso bakarreko familiak, ardurapean seme-alaba adingabeak dituzten senar-emazteak, adineko pertsonak edo desgaitasun handia duten pertsonak izaten dira.
Kaleratzeak STOPek salatu du egoera hauek “alokairu sozialeko parkea guztiz nahikoa ez delako” gertatzen direla.