Arrandegiko eraikinaren egitura berritzeko lanak teilatutik hasiko dituzte
Iazko urrian abiatu zuten obra, eta bi urteko iraupena izango zuela iragarri zuen Donostiako Udalak. Merkatua, anbulatorioa eta kirol instalazioa izango ditu eraikinak.
Bretxa berritzeko hirigintza proiektua espero baino motelago doa. 2018an aurkeztu ondoren, epeak luzatzen ari dira, besteak beste, COVID-19aren ondorioz. Arrandegia eraikina berritzeko lanek ere atzerapena pilatu dute, baina Donostiako Udalak adierazi du fase berri batean sartzera doazela. Hain zuzen ere, garabi bat jarri dute Aldamar kalean, eta eraikinaren egitura berritzeko lanak hasiko dituzte.
Ingurua behar bezala hesitu ondoren, fatxada eta teilatua egingo dituzte. Hau da, berritze lanak goitik hasiko dituzte. Ondoren, barrukoa eraikiko dute, baina behetik hasita. Izan ere, merkatua da irekiko duten lehena. Gaur egun lur azpian dago, eta maila bat igoko dute. Zehazki, Arrandegiko behe solairuan jarriko dute merkatua.
Lehen solairuaren zati batean, berriz, merkatuari lotutako jarduerak jartzea aurreikusten dute. Esaterako, ostalaritza eta merkataritza establezimenduak. Eraikinaren gainerakoa
anbulatorioa izango da. Aldamar kaletik izango du sarrera, eta hiru solairu eta erdi izango ditu. Azken solairuan, kirol instalazioa ere egongo da.
Epeei dagokienez, merkatua bi urte barru martxan jartzea aurreikusten du udalak. Aldiz, anbulatorioa eraikitzeko lanek gehiago iraungo dute. Arrandegiko eraikina fase desberdinetan irekitzen joango dira, eta merkatua lur azpitik behe solairura eramatea izango da lehentasuna.
Bretxako plaza
Arrandegiaren obra Bretxako inguruaren urbanizazioarekin batera egitea aurreikusten du udalak. Arkoak eraikinaren eta Arrandegiaren arteko tupper itxurako eraikina kenduko dute, eta plaza ireki bat izango da bi eraikinen artean. Lan horiek, ordea, oraindik ez dituzte hasi. Baserritarren postuei dagokienez, aurreratu duten bakarra da Arkoak eraikinaren atzean kokatuko dituztela.