Ibaetako danborradaren zuzendari gisa oroituko dute auzotarrek
Pertsona ezaguna zen auzoan, eta jai batzordeko kidea izan zen hainbat urtetan. Saltsa guztietan zegoen sartua, eta, bereziki, danborrada, inauteriak eta kaldereroak gustuko zituen.
Oso maitatua zen Ibaetan, bereziki danborradarengatik». Hala gogoratu du Juanjo Galdona Ibaetako Juan Ignacio Furundarena Furun-ek. Ibaetan oso ezaguna zen Galdona, eta maiatzaren 21ean zendu zen, 70 urte zituela. «Itzal handiko pertsona zen auzoan, eta denek errespetatzen zuten», nabarmendu du Ibaetakoak.
Furun aspalditik zen Galdonaren laguna, «auzotik» ezagutzen baitzuen. Dioen moduan, auzoko danborradan egindako lanarengatik zen bereziki ezaguna: «1976. urtearen inguruan hartu zuen auzoko danborrada zuzentzeko ardura, eta bizitza guztia pasa zuen danborradan; auzoko askok bera baino ez dute ezagutu zuzendari gisa». Hain zuzen, 2012an danborrada zuzentzeari utzi behar izan zionean, Furunek hartu zuen lekukoa. Bestalde, Antiguako zonako danborraden koordinakundeko zuzendaritzan ere urte luzez aritu zen Galdona, eta Furunen arabera, «denak pozik» zeuden berarekin, «danborradarengatik dena ematen zuelako».
Hain justu, Santomasetan postu bat jarri ohi zuten Ibaetako danborradakoek, San Sebastian egunera begira dirua biltzeko, eta Galdona han ibiltzen zela gogoratu du barre artean bere lagunak: «Berak jartzen zuen giroa. Baserritarrez jantzita joaten ginen, eta zituen bizar haiekin, Olentzero zirudien. Horregatik, jendeak haurrei esaten zieten Olentzero zela, eta berak argazkiak egiten zituen handik pasatzen ziren haur guztiekin».
Horretaz gain, auzoko jaietako batzordean ere urte luzez ibili zen Galdona: «Saltsa guztietan sartuta zegoen», nabarmendu du Furunek. «Inauteriak, danborrada eta kaldereroak gustatzen zitzaizkion bereziki, eta beti egoten zen Sardinaren Ehorztean, esaterako», gaineratu du. Era berean, omenaldiak ere jaso izan dituela azpimarratu du: «Esango nuke udalak bere garaian plaka bat egin zion inauteriengatik, eta Parte Zaharreko kaldereroen konpartsak ere beste omenaldiren bat egin izan dio».
Konpartsa horretako gaur egungo zuzendariak Galdonaren emaztearekin berriki izandako detailea goraipatu du Furunek: «Beilatokira joan zen aurrekoan, eta Juanjoren emazteari haren aurpegia zeraman pin bat eman zion, omenaldi modura. Horrez gain, Juanjok kaldereroak zuzentzeko erabiltzen zuen ontzia eskatu zion, hurrengo kaldereroetan haren ontziarekin zuzentzeko. Hau da, berarentzat harro egoteko modukoa da Juanjoren ontziarekin zuzentzea, pentsa nolako karisma zuen gizon honek!».
Beste bitxikeria bat ere kontatu du Furunek: «Bere emazteak batuta sartu zion hilkutxan, eta batutarekin erraustu zuten. Emazteak esan zuen bera baino gehiago maite zuela batuta hori, eta harekin joan behar zuela».