Iñigo Legorburuk irabazi du Altzako bertsopaper lehiaketa
Altzako Bizarrain euskara elkarteak antolatutako XI. Altzako bertsopaper lehiaketaren garailea Iñigo Legorburu hernaniarra izan da. Beste bost alditan ere irabazi du sari hori, eta aurtengoan, Ni… gutar? izeneko bertsopaperari esker lortu du garaipena. Zortzi bertsoko sorta idatzi du Legorburuk Pantxoa eta Peioren Itziarren semea doinuarekin. Bere lanarengatik, Altzako baserrietako produktuz osaturiko saskia eta 200 euro irabazi ditu Legorburuk.
2020ko abenduan Amarako bertso-paperen lehiaketaren hirugarren edizioaren garailea ere izan zen Legorburu, Erromintzelez bertso sortarekin.
Bestalde, Altzako Bizarrain euskara elkarteak eta Altzako bertso eskolak beste sari bat ere eman du: auzoko bertsopaper onenarena. Izko Lekuonak irabazi du: aspalditik Altzan bizi da oiartzuarra. Maite zaitut bertso sorta aurkeztu zuen, lau bertsoz osatua, Habanera doinuan abesteko. Sari modura, Altzako baserrietako produktuz osaturiko saskia eta Antton Mendizabal eskultorearen Lau Haizetara oroigarria jaso zituen.