Nolako uda izango duzu?
Xabier San Jose
Gros
“Oporrak hartuta dauzkagu: Egiptora joango gara”
Normaltasunera bueltatzen irudikatzen dut uda. Gogotsu nago, gauzak egiteko gogoarekin. Oporrak hartuta dauzkagu: Egiptora joango gara abuztuan, eta desiatzen nago joateko. Lehen aldia izango da Egipton, eta hemen baino bero gehiago egingo duela iruditzen zait. Hala ere, Donostian pasako dugun denboran lanpetuta ibiliko naiz. Etxean obretan gaude, eta milaka gauza dauzkat egiteko: normalean nik egiten ditut. Denbora badago, hondartzara joango gara eta buelta lasai bat emango dugu.
Zacarias de Santiago
Gros
“Bizkaitarra naiz, eta udan Bizkaiara joaten naiz bizpahiru aste pasatzera”
Espero dut uda iazkoa baino hobea izatea, baina ikusiko dugu zer egin dezakegun. Autonomoa naiz, eta orain langabezian nago. Beraz, ez dakit nolakoa izango den uda. Bizkaitarra naiz, eta normalean udan Bizkaiara joaten naiz bizpahiru aste pasatzera, nire gurasoak ikustera. Hondartza oso gustuko dut, eta Donostian ere joaten naiz: ia egunero joaten naiz paseo bat ematera edo bainu bat hartzera. Nire gurasoak Algortan bizi dira, eta bertako bi hondartzetara joateko ohitura ere badut. Hala ere, gehiago gustatzen zaizkit Donostiako hondartzak.
Lourdes Aranburu
Gros
“Denbora gutxi izango dut: lana, senarra, haurrak…”
Ez dakit nolako uda izango dugun. Zalantza dugu, eta ez dugu oraindik erabakirik hartu. Denbora gutxi izango dut: lana, senarra, haurrak… Gauza asko egin behar ditugu. Senarrarekin eta haurrarekin hondartzara joaten gara, eta ohitura dugu txakurrekin bueltatxo bat ematera joateko: asko gustatzen zaigu. Txakurrekin ibiltzeko hondartza leku egokia da, ahal dugunean. Jende asko ez badago, hobeto izaten da. Mendira ere batzuetan joaten gara, oso gustura.
Edurne Andonegi
Gros
“Zestoako bainuetxera joatea pentsatu dugu. Orain arte ez naiz joan”
Aurreko urteko udarekin alderatuta, nik uste dut uda polita izango dugula. Jubilatuta nagoenez, denbora librea izango dut. Hala ere, familiarekin arazoren bat dut, eta seguraski Donostian geldituko naiz. Denbora librea dudanean hondartzara joaten naiz: oso hondartza zalea naiz, ibiltzeko eta igeri egiteko. Normalean ez naiz hondarrean etzanda egoten. Asko gustatzen zait itsasoa, eta Zurriola da nire hondartza gustukoena: nire etxetik oso gertu dago. Ulia mendira ere joango naiz. Nafarroan baserritxo bat daukat eta hara joango gara, baina ez da ezer berezirik: asteburuero joaten gara. Agian bainuetxe batera ere joango naiz. Orain arte ez naiz joan, baina senarrak arazo bat dauka aldakarekin, eta ez dago ibiltzeko moduan. Horregatik, pentsatu dugu Zestoara joatea: etxe polit hori barrutik ezagutzeak merezi du. Bost egun pasatzera joango gara, baina ez dakigu noiz zehazki.