Urtebete da lehen zuloa azaleratu zenetik
Donostiako Metroaren lanek lur jausi bat eragin zuten iazko ekainaren 5ean, Erdialdeko Zubieta kalean. Ondorioz, Mirakontxa-Easo zatiko obra eten zuten. Ordutik, beste bi zulo azaldu dira, eta Euskal Trenbide Sareak ez du baztertzen gehiago agertzea.
Zulaketa lanak laster berrabiaraziko dituzte Erdialdean. Eremua egonkortzeko hilabeteak behar izan dituzte, eta Mirakontxa-Easo zatiko lanak berriz adjudikatu dituzte gainkostu nabarmenarekin. Euskal Trenbide Sareak (ETS) adierazi du zulaketa lan berriak era «seguruago» batean egingo dituztela. Berria egunkariak ETSren eraikuntza proiektuaren zenbait atal eskuratu ditu, eta Erdialdeko lur azpiko egoeraren berri eman dute. Hain zuzen ere, metroaren obrak eraikinei eragin diezaiekeela dio ETSk.
Urtebete igaro da metroko lanek Erdialdean eragindako lur jausitik. Iazko ekainaren 5ean Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan zulo bat azaldu zen –20 metro kubiko ingurukoa–, eta Kontxako tunelaren zulaketa lanak gelditu behar izan zituzten. Luiziaren ondorioz, tunel alboko hutsunean zehar ehun metro inguruko distantziatik garraiatutako 200 metro kubiko material mugitu zirela dio ETSren txosten batek. Gertatutakoak kezka sortu zuen inguruko bizilagun eta saltokien artean. Satorralaia bizilagunen mugimenduak, ELA sindikatuak eta EH Bildu udal taldeak metroaren obra etetea eskatu zuten.
Bigarren zuloa
Iazko irailaren 25ean Mirakontxa-Easo zatiko lanen kontratua bertan behera utzi zuen ETSk. Bi hilabete beranduago, azaroaren 17an, bigarren zuloa azaleratu zen –30 metro kubiko ingurukoa–, Zubieta kalean eta Londres hoteletik gertu. Gertatutakoa aztertu ondoren, ETSko arduradunek baieztatu zuten zuloa metroaren igarobidearen lanek eragin zutela, eta zehazki, hilabete batzuk lehenago kale berean izandako lur jausiarekin lotura zuela. Bigarren zuloak herritarren kezka areagotu zuen, eta hainbat eragilek zein alderdi politiko berretsi zuten metroaren lanak gelditu behar zirela.
Mirakontxa-Easo tarteko eraikuntza proiektuaren bigarren faseko lizitazioa, bigarrenez, pasa den urteko abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, ETSren bidez. 50,9 milioi euroko oinarrizko prezioa jarri zioten. Azkenik, 47,8 milioi eurotan adjudikatu zituzten lanak martxoan. Orduan, ETSk iragarri zuen maiatzean zulaketa lanak berrabiaraziko zituztela.
Hirugarren zuloa
Maiatzaren 7an agertu zen hirugarren zuloa –138 metro kubikokoa–, Kontxako hondartzako aldagelen forjatuaren azpian. ETSk ikusi zuen zuloa, ohiko ikuskapen bat egiten ari zirela. Dena dela, EH Bildu udal taldea izan zen hedabideei gertaturikoa jakinarazi ziena. Donostiako Udalak aldagelak matxura baten ondorioz itxi zirela iragarri zuen lekuan eta sare sozialetan. Egun batzuk beranduago baieztatu zuen udalak zuloak lotura zuela metroaren lanetan iaz izandako lur jausiarekin. ETSk ere ohar baten bidez baieztatu zuen hiru zuloen arteko lotura.
Hirugarren zuloa orain arteko handiena zela jakinarazi zuen EH Bilduk, eta ETSren txostenak informazio hori berretsi zuen maiatzaren 24an. Hain zuzen ere, egun horretan metroko lanen jarraipenerako batzordea egin zuten udaletxean, eta ETSk eskura zuen informazio guztia helarazi zuen. Horrela, Kontxako kabinen azpien egindako zuloa aurrekoen laukoitza da. Zulo guztiak kare-esne morteroarekin eta hormigoiarekin estali ditu ETSk, eta bereziki zailtasunak izan zituzten hirugarrena estaltzeko. Izan ere, hiru fasetan egin behar izan zituzten lanak.
Zulatzen jarraituko dute
Metroaren Kontxako lanek hiru zulo eragin arren, ETSk zulaketekin aurrera jarraituko du. Maiatzean ziren hastekoak lan horiek, baina azkenik ekainean zehar berrabiaraziko dituzte. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen berriaren arabera, 2024ko bigarren seihilekorako egongo litzateke prest metroaren igarobidea, aurreikusitakoa baino bi urte beranduago. Aldiz, lanak 2021eko uztailean bukatzea espero dute.