Ekainaren 28rako prest dago LGTBI mugimendua
Ekainaren 28a LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izango da, eta Donostiako Transmaribollo Koordinadora Feministak egitarau zabala prestatu du. Ekainaren 16an, etzi, Infernuaren aurkako epaiketa izango denez, epaitegien aurrean 11:00etan biltzeko deia zabaldu dute. Ekainaren 24an, Transteatzen mahai ingurua egingo dute Josebe Iturriotzek, Loratuz Lotuk eta Sara Spatzek, 19:00etan, Marruma elkartean. Ekainaren 25ean, berriz, Putxs en Lucha eragilearen aurkezpena eta solasaldia izango da, 17:00etan, Infernuan. 19:00etan bertso saioa eskainiko dute Saioa Alkizak, Maialen Lujanbiok, Eli Pagolak eta Aner Peritzek.
Ekainaren 26an, berriz, Konspirazio Transmaribolloa kolektiboen aurkezpena egingo dute Letaman gaztetxean 12:00etan, eta ondoren, bazkaria egingo dute 14:00etan. 16:30ean sorkuntza tailerra egiteaz gain, kontzertuak emango dituzte Ningra eta Haizeatxok, eta Lilith Selektahk, 18:00etan; mikro irekia ere izango da. Ekainaren 27an poteo bollo-historikoa egingo dute 12:40ean Pinudi plazatik abiatuta.
Ekainaren 28an manifestazioa egingo dute, 19:00etan Bulebarretik abiatuta.
Donostiako Transmaribollo Koordinadora Feministak adierazi duenez, “gizon zishetero zuriak ez daude gonbidatuta” jarduera horietara: are, “ez dira ongietorriak”.

