Bi delitu posible identifikatu ditu LABek 'Hondalea'-ren adjudikazioan
Santa Klara uhartea.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak salatu du LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zutela Santa Klara uhartean Hondalea eraikitzeko eta itsasargia berritzeko lanen adjudikazioa. Argia astekariak aurreratu duenez, LABek bi delitu posible zehatz identifikatu ditu –funtzioen abusua eta diru publikoaren erabilera okerra– eta Eneko Goia alkateari eskatuko dio Udaleko Proiektu eta Obretako arduradun Alfonso Vázquezen izendapena behin-behinean eteteko eta Batzorde Informatibo bat sortzeko.
LABen ustez, Proiektu Bateratuaren idazketa eta birgaitze lanak zuzentzeko ardura LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe eman izanana irregularra da. “Proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako arduraduna izan zen egoera horretan lan hori LKS-Fhecorri tramitatu ziona”, diote.
LABeko sail sindikalak udaleko alderdi politiko guztiekin (EAJrekin izan ezik) bilerak izan ditu, udaleko langile gisa jaso dituzten informazioak aurrez aurre azaltzeko.
Eneko Goia alkateak honakoa esan du gaiaren inguruan: “Kontratazioaren inguruko zalantzak omen dituzte. Esan dezakedana da adjudikazioak legez eta zuzen egin direla”. Gipuzkoako Fiskaltzaren eskuetan utzi ditu LAB sindikatuak uharteko lanak gertutik jarraitu dituzten langileek helarazitako informazioak eta salaketak. “Fiskaltzak Hondalea-ko lanen kontratazioen espedienteak eskatzen baditu, udalak helaraziko ditu”, nabarmendu du Goiak.


