Alkate frankistak ikurrina eskegi zuen
Francisco Lasa Altzako enpresaria Donostiako alkate izan zen frankismoaren amaieran. 1977an ikurrina eskegi bazuen ere, herritarrek dimisioa emateko eskatu zioten.
Historikoa izan zen 1977ko San Sebastian eguna. Gauerdian, bandera igotzerakoan ez zeuden soilik Espainiako eta Donostiako banderak: ikurrina igo zuten lehen aldiz, hamarkadak igaro eta gero. Konstituzio plazan zegoen jendeak txalo eta irri artean eman zion ongietorria euskal banderari: poztasuna danbor hotsekin nahastu zen. Bazen, ordea, beste lelo bat, herritar ugarik oihukatu zutena: “Lasa, dimite: el pueblo no te admite”. Handik gutxira, Francisco Lasak –Donostiako azken aurreko alkate frankistak– kargua utzi zuen.
Francisco Lasa 1921ean jaio zen Altzan. Bere aitak itsasontziak eraiki eta konpontzeko enpresa bat zuen Trintxerpen, eta Itsas Ingeniaritza ikasi eta gero, itsas proiektugile moduan jardun zuen. 1953an, aita hil eta gero, José Antonio Lasa S.A. enpresa sortu zuen bere anaiekin: legatza eta bakailaoa arrantzatu eta izozten zuten.
Gainera, Gipuzkoako arrantza armadoreen sindikatuko buru izan zen hamabi urtez, eta enpresari horien ordezkari moduan Donostiako Udal frankistako zinegotzi bihurtu zen 1970ean. Donostiako alkate izendatu zuten 1974an.
“Lasa, dimite”
1977ko San Sebastian egunean dagoeneko Franco hilda zegoen, herritarrak askatasunaren alde borrokan ari ziren, eta Espainiako Estatuan trantsizio politiko bat abiatuta zegoen. Hilabete lehenago Atotxako futbol zelaian ikurrina erakutsi zuten Athleticeko eta Realeko jokalariek, eta inguruko zenbait udaletxetan dagoeneko eskegi zituzten ikurrinak, Martin Villa Espainiako Barne ministroaren baimenarekin. Lasak ere baimena lortu zuen, jarrera “moderatua” erakutsiz, eta 1977ko urtarrilaren 20an ikurrina eskegi zuten udaletxe zaharrean. Herritarrek pozez hartu bazuten ere, ez zioten alkate frankistari txalo egin. Are, “Lasa, dimite: el pueblo no te admite”, oihukatu zuten donostiarrek.
Lasak dimisioa aurkeztu zuen hurrengo udalbatzarrean.