Zelatariaren beldurra
Jesusen Bihotza minduta dago. Bai, hala da: bihotzera kanoikadak botatzen dizkiotela sentitzen du. Izan ere, Urgullen puntatik den dena ikusten eta entzuten du. Eliza eta komentu zirenak hotel bihurtzen ari direla ikusten du aurrera begiratuta. Azpira begiratuz gero, une goxoak pasatzen ari diren gazte jostarien irrintziak ere entzuten ditu argi eta garbi. Kale zurrutean dabiltzanen balantzak ere nabaritzen ditu bere magalean. Ez du atzera begiratu nahi: badaki bere existentziaren inguruko eztabaida dagoela. Ez du begiratu nahi, kanoikada baten beldur. Gora begiratzea besterik ez du, bere “aitari” laguntza eskatzeko.