Aitor Uriondo arduratuko da Gipuzkoa Basketen kirol zuzendaritzaz
ACB ligako maila galdu ondoren, Gipuzkoa Basket saskibaloi taldea aldaketak egiten ari da klub barneko organigraman. Hemendik aurrera, Aitor Uriondo izango da kirol zuzendaria. Uriondok ondo ezagutzen du kluba, lehen entrenatzailea izan zelako 2001/2002 denboraldian, LEB2 mailan.
Saskibaloiko goi mailako entrenatzaile titulua du –Askatuak, Donostiako Atletiko, Iraurgi, Hondarribia eta Araski taldeen gidaritzan aritua da–, gorputz hezkuntzako irakaslea da eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduatua. Gaur egun, Donostiako Axular Lizeoa ikastolaren zuzendaria da.Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Gipuzkoako saskibaloian sartuta, baita pertsonen heziketarekin eta kudeaketarekin ere.
Heziketari dagokionez, bi urtez egon zen ACBko Pamesa Valencia harrobian jokalarien prestatzaile eta aholkulari bezala. Prigioni campuseko zuzendaria izan zen zazpi urtez, eta egun Saskikasiko presidentea da. Kolaboratzaile gisa ere aritu da ETB, Mundo Deportivo, Onda Vasca, Euskadi Irratia, eta, hedabide honekin, IRUTXULOKO HITZArekin.