Donostiako Metroaren bigarren faseko lanak hasi dituzte
Euskal Trenbide Sareak (ETS) aste honetan sinatu du Altuna y Uria, Iza eta Acciona enpresekin Mirakontxa-Easo tarteko bigarren faseko lanak berriz hasteko akta –47,8 milioi euroren truke adjudikatu zizkieten lanak–. Horrela, geratzen diren 400 metroen zulaketa lanak datozen asteetan abiatuko dituzte. ETSk azaldu duenez, tarte horretan beste lan batzuk ere egingo dituzte: makinen prestaketa, ekipo berriak ekartzea eta erreleboa egiteko ezinbesteko logistika.
Aurreko kontratazioaren arduradunak tunelean egin beharreko mantentze lanez arduratu dira orain arte. Era berean, lur gaineko lanekin jarraitu dute. Behin betiko urbanizazioa eraitzen den bitartean, Easo kalea zirkulaziorako irekitzea lortu dela dio ETSk, eta San Martin kalean bidegorri bat eraiki dela. Udalarekin izandako elkarlana azpimarratu dute.
Lugaritz-Mirakontxa zatia
Metroaren igarobidearen Lugaritz-Mirakontxa zatiari dagokionez, lanak aurreratuta daudela adierazi du ETSk. Guztira 3.073 metroko luzera duten zulaketa lanak erabat bukatuta daude. Horietatik, 2.000 metro lineako tunelekoak dira, 95 metro geltokiko haitzulokoak, eta gainerakoa obretara sartzeko galerietakoak eta Bentaberriko geltokira sartzeko haitzulokoak.
Lur gainetik sartzeko bi ahoetan mugatutako espazioa murriztu egingo da uztailetik aurrera, eta uda amaieran eskailera mekanikoak eta gurpil gaineko korridoreak instalatuko dira, hurrengo urteko lehen hiruhilekoan kanpoko urbanizazioa osatzeko eta, horrela, bizilagunei eragindako kalteak amaitutzat emateko.