"Esan dugu ez dugula aurreikusten Aste Nagusia ospatzea"
Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute gaur goizean Eneko Goia alkatea. Askotariko gaien inguruan aritu da, eta, tartean, Aste Nagusia izan du hizpide. Uda hurbildu ahala udalak behin eta berriz adierazi du ez duela uste Aste Nagusia bere horretan egin ahal izango denik. Mezu hori berretsi du Goiak elkarrizketan: “Esan dugu ez dugula aurreikusten Aste Nagusia ospatzea. Eta auzoetako festekin, kultur arloko hainbat emanaldi egiteko elkarlanean ari gara eragileekin. Beti formatu oso kontrolatuan”.
Hain zuzen ere, pasa den astean udako kultur jardueren programazioaren aurkezpena egin zuten Viktoria Eugenia antzokian. “Iaz baino baldintza hobeagoan ospatu ahal izango ditugu. Ziurrenik hainbat gauza edukiera gehiagorekin egin ahal izango ditugu. Zinemaldiaren garaian aurreko urtean baino nabarmen hobeto egon gaitezkeela uste dugu”, azaldu du Goiak.
Jon Insausti Kultura zinegotziak hedabide honi adierazitakoaren arabera, Aste Nagusiaren ordez iazko Abuztua Donostian moduko zerbait egitea aurreikusten dute. Hau da, abuztuan zehar auzo guztietan kultur jarduerak egitea litzateke asmoa.