Jolastokieta eta El Pilar-eko 50 etxebizitza tasatuak irailean adjudikatuko ditu udalak
Donostiako Etxegintzak Altzako Jolastokieta –36 etxebizitza– eta Intxaurrondoko El Pilar –14 etxebizitza– eremuetako 50 etxebizitza tasatu zozkatuko ditu. Jolastokietan 212.000 eta 311.000 euro tartean egongo da etxebizitzen prezioa. El Pilar-en, berriz, 263.000 eta 390.000 euro artean (BEZ-a barne).
Interesa duten donostiarrek izena eman ahal izango dute ostegunetik aurrera, eta uztailaren 14era bitarte. Etxegintzako webgunean eman behar da izena, eta entitatearen bulegoetan aurrez hitzordua eskatuta.
Baldintzak
Prozesuan parte hartzeko ondorengo baldintzak bete beharko dira: azken bost urtetatik hirutan Donostia ohiko bizitoki izatea, edo azken hamar urteetan hirian lanean aritzea; arloko araudi autonomikoak ezartzen dituen etxebizitza beharraren baldintzak betetzea; eta gutxieneko diru-sarrerak 25.000 eurokoak izatea, eta Jolastokietako etxebizitzetarako gehieneko diru-sarreak 50.7000 eurokoak, eta El Pilar-eko etxebizitzetarakoak, aldiz, 58.000 eurokoak izatea.
Adjudikazioa
Kupo guztietarako adjudikazioa –kupo orokorra eta mugikortasun urriko kupoa–, komuna izango den baremazio sistema bidez egingo da, eta bertan parte hartzaile guztiak sartuko dira. Era berean, ondorengo baldintzak aintzat hartuko dituzte: diru sarrerak, Etxegintzako etxebizitza eskatzaileen udal erregistroan antzinatasuna, bizitegi unitatearen pertsona kopurua, Donostiarekiko lotura eta etxebizitza behar berezia.