Sigourney Weaver, 69. Zinemaldiaren aurpegia
Aurtengo Zinemaldiaren kartela aurkeztu dute, eta Sigourney Weaver New Yorkeko aktorea da protagonista. Kartela Eva Villarrek diseinatu du, izen bereko estudioko artistak. Matthew Brooks argazkilariak egindako Weaverren zuri beltzezko argazki bat agertzen da aurtengo Zinemaldiko kartel nagusian, eta kolorezko pintzelkadak ditu; 2018an hasi zen ildo grafikoari jarraitzen dio aurtengo Zinemaldiaren kartelgintzak, argazkia ilustrazioarekin uztartuz. Azken hiru Zinemaldietako protagonistak Isabelle Hupperten, Penelope Cruz eta Willem Dafoe izan dira.
Weaver Alien (1979) filman egindako paperagatik egin zen ezagun, eta urte horretan etorri zen lehenengoz Donostiara. Handik hona, beste bitan egon da Weaver Donostiako Zinemaldian, eta azkenekoan Donostia saria jaso zuen, A Monster Calls (2016) filman egindako lanagatik eta bere ibilbideagatik.
Aldaketak Zinemaldian
Aurtengo Zinemaldian aldaketak egongo dira, eta interpretazio sarietan hemendik aurrera ez da genero bereizketarik egingo; hau da, gizonek eta emakumeek eskuratuko dute saria. Gizonezko onenaren eta emakumezko onenaren zilarrezko maskorren ordez, Interpretazio Nagusi Onenaren eta Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorrak banatuko dira.