Pasaiak mugak ezartzeko abiatu duen prozeduraren kontra agertu da Donostiako Udala
Altza eta Pasai Antxoren arteko muga, Eskalantegin (Argazkia: Maite Reizabal) Donostiako eta Errenteriako udalerrietatik bereizteko eta mugarriak jartzeko prozedura abiatu du Pasaiako Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote Altza, Bidebieta, Herrera eta Intxaurrondoko zati baten administrazioa eskuratzea. Donostiako Udalak horren kontra egitea erabaki du.
Iazko ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Pasaiaren eskaera: Donostiako Altza, Herrera, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoak Pasaiara anexionatzeko eskatzen zuten. Pasaia 2003an gaia mugitzen hasi zenetik, bigarren aldiz utzi dute bertan behera eskaera, gauza bera egin baitzuten 2011ko martxoan.
Pasaiak auzo horiek herrira lotzeko eskatzen du historiako bi dokumentutan oinarrituta: 1805ko maiatzaren 27ko Carlos IV.a Espainiako Erregearen zedula eta urte bereko abuztuaren 29an Joseph Vargas Ponce komisarioak egindako udal mugaketa. Hasiera batean, eskaera Foru Aldundiari aurkeztu zioten, baina ukatu egin zieten, 1939an Espainiako Geografia Institutu Nazionalak egindako mugaketa osatugabean oinarrituta. Horregatik, auzitegietara jo zuen Pasaiak, baina, 2011an, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen ontzat jo XIX. mendeko dokumentuen arabera gaur egungo udal mugapeak aldatzea. Era berean, auzitegiak gogoratu zuen 1939an Altzaren eta Pasaiaren arteko mugak ezarri zituztela, Altzaren anexioaren testuinguruan. Izan ere, Altza auzoa 1940an anexionatu zuten Donostiara, erregimen frankistaren inposizioz. Pasaiako Udalaren webgunean mugen gatazkari buruzko atal bat dago.


