Maria Inmaculada ikastetxeko langileek protesta egin dute udaletxearen aurrean
(Argazkia: Mikel Elkoroberezibar) Groseko Maria Inmaculada lanbide heziketako ikastetxea itxiko du erlijio kongregazioak, eta lursailean hotel bat eta supermerkatu bat eraikitzeko asmoa dute. Ikastetxeko hamalau langileak erabaki horren kontra agertu dira, eta hainbat protesta egin dituzte ordutik. Gaur goizean, Donostiako Udaletxearen aurrean elkartu dira Hezkuntzarekin negoziorik ez! lelopean protesta egiteko. Hain zuzen, ekaineko udalbatzarrean EH Bilduk mozio bat aurkeztu du ikastetxearen itxierarekin loturikoa.
Goizeko protestan parte hartu duen irakasle batekin hitz egin du hedabide honek. Ikastetxea irekita mantentzea eskatzen dutela azpimarratu dute, nahiz eta aitortu ezinezkoa izango dela. Langileek ez dute uste udal gobernuak bitartekaritzarik egingo duenik, eta, beraz, udaletxe aurrean elkartu dira adierazteko ez daudela konforme ikastetxea ixtearekin eta udalak hartu duen jarrerarekin. Horrekin batera, irakasle honek adierazi du oso gaizki pasatzen ari direla ikastetxearen itxiera dela eta.
Eztabaida, osoko bilkuran
Maria Inmaculada ikastetxeko langileen kaleratzea gelditzeko bitartekaritza eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Horrekin batera, Ricardo Burutaran zinegotziak azaldu du lursailean jabeek aurrera eraman nahi duten hirigintza proiektuak 2.275 metro karratu hezkuntza ekipamenduetara bideratzea aurreikusten duela. Proiektu hori bitan onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak.
EAJ, PSE-EE eta PP udal taldeek mozioaren kontra bozkatu dute, eta soilik Elkarrekin Donostiak babestu du. Horrekin batera, EAJk eta PSE-EEk mozioaren ordezkapen emendakin bat aurkeztu dute. Horrek eztabaida piztu du udal gobernuko alderdien eta EH Bilduren artean. “Halako emendakin batekin badirudi ez duzuela gaiaz hemen hitz egin nahi”, esan du Burutaranek. Ordea, asmo hori ukatu du jeltzaleen bozeramaile Jon Insaustik. Horrez gain, Insaustik berak azpimarratu du Groseko lursaila saltzeko asmoa erlijio kongregazioarena dela. “Erabakia Erromatik hartu dutela adierazi diote udal gobernuari”, nabarmendu du.
Hirigintza sailak horrelako hirigintza proiektuen aurrean “ahalmen mugatuak” dituela adierazi du Insaustik. Horrela ere, eskura zuten guztia egiten saiatu direla gaineratu du: “Udal gobernuak ahalegina egin du hiriko beste bi hezkuntza zentrori lekua erakutsiz, baina, tamalez, ez dute onartu hara mugitzea”. Azkenik, Groseko ikastetxeko 150 ikasle ingururen formazioa bermatuko dela esan du Insaustik. “Elizaran ikastetxean eta Kontadores gunean jarraitu ahal izango dute ikasketekin”.


