Asisko San Frantzisko Donostian izan zen?
Frantziskotarren presentzia garrantzitsua izan da Donostian. XVII. mendean komentu bat eraiki zuten egun Zuhaizti den eremuan: Txurrutal deitzen zioten inguruari.
Frantzisko Asiskoa erlijioso katoliko italiar bat zen, eta duela zortzi mende bizi izan zen. Txirotasuna eta otoitza aldarrikatzen zituen, eta frantziskotarren ordena sortu izanagatik da ezaguna. Donostian izan omen zen.
1682. urtean Damian Cornejo kronista frantziskotarrak idatzi zuenaren arabera, Asisko San Frantzisko 1214an Santiagora erromes joan zenean, Donostian geldialdi bat egin zuen –34 urte lehenago eman zion Nafarroako Antso Jakituna erregeak Donostiari hiri gutuna–. Marokora joateko itsasontzia Donostian hartu omen zuen santu italiarrak.
Gertakizun hura Kantabriako (Espainia) Amigo apaiz kronistak berretsi zuen, eta bere arabera, Igeldotik barrena Ondarroaraino joan zen San Frantzisko oinez.
Historialariek gertakizun hura gezurtatu dute dagoeneko, baina San Frantziskoren jarraitzaileak Donostian izan dira, eta gaur egun ere frantziskotarren komunitatea badaukagu hirian.
Atotxa Txurrutala zen
Frantziskotarrak Euskal Herrian XIII. mendetik egon badira ere, Donostiara XVI. mendean iritsi ziren. Antiguan eta San Martin auzoan komentuak eraikitzeko ahaleginak egin zituzten, baina porrot egin eta gero, Txurrutaleko komentua eraiki zuten XVII. mendean. Komentua gaur egungo Zuhaiztin zegoen, eta Txurrutal izenez ezagutzen zen Atotxako inguru guztia. XIX. mendean liberalen eta tradiziozaleen artean izandako gerretan erre egin zen komentua.
1923an Txurrutala izan zen inguruan eraiki zuen frantziskotarren komentu berria, Egiako Mandasko dukearen pasealekuan. 1965ean komentuak eliza funtzioa ere hartu zuen, eta oraindik ere hor dirau.
Ancora ondarearen babeserako elkarteak eliza babesteko eskatu dio Donostiako Udalari: “Egiaren historiaren eta identitatearen oinarrizko zati bat da, baina ez dago katalogatuta”, azaldu dute.