Illunben ez dute merkataritza zentro bat jarriko
Donostiako Udalak Illunbeko lursailaren salerosketa kontratua berritzea erabaki du, ordura arte adosturiko merkataritza eredua gainditzeko. Horrela, jatorrizko proiektuaren erabilerei dimentsio berri bat ematea adostu dute egun jabe diren enpresekin.
Bost urte bete dira Illunbeko bi lurzatiren kudeaketa aldi baterako enpresa elkarte baten esku geratu zirenetik. Donostiako Udalak 2016an sinatu zuen akordioa Larrain eta Loiola Gestion Inmobiliaria enpresekin 22 milioi euroren truke –17 milioi dirutan eta 4,9 milioi euro esparrurako sarbideen hobekuntzen obretarako–. Ordutik, Illunbek ez du aldaketa nabarmenik izan. Bi lur zati horiei ez diete erabilerarik eman, arrazoi desberdinengatik. Horietako bat pandemiak sorturiko krisia da.
Illunberen egoera biziberritzeko saiakera berri bat egitea erabaki du udalak, eta asteartean eman zituzten horren inguruko xehetasunak Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia alkateorde eta sozialisten bozeramaileak. Biek azpimarratu zuten interes publikoa dagoela salerosketa kontratua aldatu eta berritzeko. «Orain hasten da Illunbe berriaren atzera kontaketa. Irtenbide bat eman nahi diogu bere eraldaketaren prozesua asko luzatu delako. Merkataritza gunerik ez du izango. Horren ordez, gazteentzako zerbitzuak eta lanpostuen sorrerarekin loturikoak izango ditu», azaldu zuen Garmendiak.
Adosturiko akordioak hainbat zutabe dituela nabarmendu zuen Goiak. «Batetik, alokairu eskuragarrirako coliving etxebizitzen proiektua bultzatzeko proposamena interesgarria izan daiteke, alokairu parkerako eta alokairuaren batez besteko preziorako». Horri loturik, alkateak adierazi zuen Talent House delakoen antzeko eredua sustatu nahi dutela Illunben. «Bestetik, jabeek konpromisoa hartu dute Miramongo Parke Teknologikoaren bateragarriak diren espazioak eta jarduerak garantzeko aukerak aztertzea. Aukera hori interesgarria da, hirigintza eremu hori parkearen etorkizuneko hedapenarekin lotzen baitu».
Merkataritza gune bihurtuko ez den arren, Illunbeko lursail batean supermerkatu bat kokatzeko asmoari eutsi nahi diote jabeek. Horrez gain, adosturikoak Donostia Arena gunearen erabilera hobetzen lagundu dezakeela uste du Goiak: «Zezen plaza erabilera anitzeko pabiloi bihurtu nahi dugu etorkizun hurbilean. Horretarako, ingurua urbanizatzea eta pabiloiko sarbideak eta irteerak hobetzea aurreikusten da».
Urtebeteko epea
Bi aldeek egindako akordioa aurrera eramateko, urtebetez atzeratu dute salerosketako eskritura publikoa formalizatzeko epea –sei hilabetez luza daiteke–. Izan ere, eremuaren planeamendurako tresna berriak tramitatu eta eraikuntza eta jarduera lizentzia berriak eskatu behar dira. Atzerapen horren ordain gisa, jabeek 620.730 euro ordainduko dizkiote udalari, eta kopuru proportzionala, atzerapen hori beste sei hilabete luzatzen bada –diruaren legezko prezioari dagokiona, eskrituraren sinadura atzeratzen den denboran–.
Goiak eta Garmendiak adierazi zuten jatorrizko kontratuaren baldintzak mantenduko dituztela, eta ez dutela bi hirigintza esparruen kalifikazioa aldatuko. Hau da, Illunbeko bi lur zatiek hirugarren sektoreko erabilera mantenduko dute, eta ez dituzte etxebizitzak egingo. Dena dela, ez dute argitu hotelik egingo den ala ez.
EH Bilduk ontzat jo du aldaketa
Erabakiaren ados agertu da EH Bildu udal taldea, udal gobernuak iritzia aldatu duelako. «Errealitatearekin talka egin ondoren, udalak Illunben garatu beharreko proiektua aldatu behar izan du», adierazi du Ricardo Burutaran zinegotziak. «EH Bilduk publikoki esan du, askotan, merkataritza gune handiak eraikitzeko eredua ez dela egokia gure hiriarentzat, eta, gainera, egun krisian dagoen eredua dela». Aldaketaren helburua «zehaztasun gehiagorekin» ezagutu arte, Burutaranek adierazi du udal gobernuak proposaturiko aldaketak kontratuaren hasierako helburua aldatzea dakarrela. «Beraz, helegite judizial berriak saihesteko, aurreikusitako jarduera berrira egokitutako lehiaketa berri bat egitea aztertu beharko litzateke».