Jolastokia berritzeko parte hartze prozesu bat egin du Aitor Ikastolak
Ikasle, irakasle eta gurasoek parte hartu dute hezkidetza proiektuan, eta oso pozik daude egindako lanarekin. Ordea, finantziazio gabe geratu dira Partaidetzako Aurrekontuetatik kanpo geratu delako.
Gazi-gozoa da Egiako Aitor Ikastolako hezkuntza komunitatearen sentipena. Bi urte inguru eman dituzte Konkorreneako eraikinaren jolastokiaren diseinua aldatzeko proiektua lantzen. Donostiako Udaleko Partaidetza eta Hezkuntza sailekin elkarlanean egin dute, baina azken unean 2022ko eta 2023ko Partaidetzako Aurrekontuetatik kanpo utzi dute proiektua. Erabakia «ulertezina» iruditzen zaie, eta nahiz eta dirurik ez duten izango jolastokia berritzeko, aurrera begira lortzea espero dute.
«Ez dugu etsiko», adierazi dute Julen Etxeberria zuzendariak eta Biki Murua irakasleak. «Oso pozik» daude proiektuaren lanketan egindako «bide aberasgarriarekin», baina udalak emandako ezusteko erantzunarekin ez daude konforme. Izan ere, Hezkuntza sailak erantzun die jolastokia berritzeko eskumena ez dela udalarena. Ordea, beste hainbat ikastetxetan antzeko berrikuntzak egin dituztela dio Etxeberriak.
Futbol zelaia kenduko dute
Aitor Ikastolaren helburua jolastokiaren eredua zeharo aldatzea da. 2 eta 8 urteko haurrak dituzte Konkorreneako egoitzan, eta jolastokiko futbol zelaia kentzea erabaki dute. «Futbol zelaiak ez digu ezer onik ekartzen. Lehiakortasuna sustatzen du soilik», dio Etxeberriak. «Mutilak eta neskak bereizten ditu. Izan ere, mutilak dira futbolean aritzen direnak, eta neskak bazter batean geratzen dira», gaineratu du Muruak.
Jolastokia berrantolatzea erabaki zuten, eta horretarako hainbat saiakera egin zituzten. «Futbolean aritzeko eremua kendu eta beste gauza batzuk jarrita, konturatu ginen jolastoki osoa betetzen zela», dio Etxeberriak. Hain zuzen ere, aurrera begira erabat ezabatuko dute futbol zelaia, eta parke itxura hartuko du jolastokiak. «Berdegune gehiago izango ditu, nahiz eta asfaltaturiko eremu bat mantenduko dugun. Hainbat txoko izango ditu. Esaterako, margotzeko horma bat, ezkutatzeko labirinto bat, antzerkia egiteko leku bat, etxetxo bat, zuhaitzak… Oso bestelakoa izango da, eta askotariko jokoak egin ahal izango dituzte haurrek», azaldu du Muruak.
Jolastokia berrantolatzeko beharra sentitu duten ikastolak asko direla nabarmendu du Etxeberriak: «Ez gara aitzindariak, beste askok lehenago egin duten zerbait delako. Haurren arteko harreman inklusiboagoaren alde egitea erabaki dugu guk ere».
Udalaren eskutik
Aitor Ikastolako hezkidetza proiektuaren diseinua Partaidetza sailak finantzatu zuen. «Talde eragile bat sortu zen, bi irakaslerekin, zuzendaritza taldearekin, gurasoekin, Partaidetzako teknikari batekin eta Hezkuntzako beste teknikari batekin. Tipi elkarteak kudeatu zuen prozesua. Gerora, Hezkuntza sailak bileretara etortzeari utzi zion. Bidea udalaren eskutik egin ondoren ez dugu ulertzen nolatan utzi duten Partaidetzako Aurrekontuetatik kanpo», azpimarratu du Etxeberriak. «Ikasleek ere parte hartzea lortu dugu, eta esan genienean ezingo genuela aurrera eraman, hauxe esan zidan ikasle batek: Orduan, egindako lan guztiak ez du balio?», dio Muruak.