Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzu berriak aldaketak eragingo ditu Aieten eta Txomiñenean
Bihar jarriko du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak Buruntzaldeko autobus publikoaren zerbitzu berria. Donostia Astigarraga, Hernani, Urnieta, Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoain herriekin lotzen dituena da. Hemezortzi linea erregular, iraunkor eta erabilera orokorrekoak izango ditu; horietatik hamalau egunekoak dira eta lau gauekoak. Lineen izena aldatzearekin batera, zerbitzuen maiztasuna aldatu egingo dute –linea eta ordutegi berriak–.
Txomiñeneko Lanberri eta Aieteko Lantxabe auzo elkarteek zerbitzu aldaketaren ondorioez ohartarazi dute. Txomiñenetik pasatzen diren A1 eta A2 lineak aurrerantzean BU12 Hernani-Astigarraga-Donostia eta BU13 Hernani-Astigarraga-Donostia izango dira, hurrenez hurren. Aldiz, Aiete zeharkatzen duen G1 linea BU-11 Hernani-Donostia izango da bihartik aurrera. Izena berritzearekin batera, maiztasuna murriztuko dela jakinarazi du Lanberri auzo elkarteak. Astegunetan zerbitzua %5 murriztuko da, larunbatetan %31 eta igandetan, aldiz, %42.
Bestelako aldaketak ere eragingo ditu Buruntzaldeko zerbitzu berrituak. Orain arte, Garayar –G1 linea– eta Areizaga –A1 eta A2 lineak– autobus konpainiak arduratu dira Donostia, Hernani eta Astigarraren arteko zerbitzuez. Ordea, gaur dute azken eguna. Hain zuzen ere, Lantxabek nabarmendu du Garayar konpainiak 68 urteko zerbitzua eskaini duela Aieten. Aurrerantzean, beste bi konpainia arduratuko dira Buruntzaldeko autobus zerbitzu berrituaz: Alsa eta Transitia.