Barrakak Pasealeku Berrira itzuliko dira abuztuaren 1etik 15era
Donostiako Aste Nagusia ez da bere horretan ospatuko, baina barrakak jarriko dituzte Pasealeku Berrian abuztuaren 1etik 15era. Eneko Goia alkateak atzo baieztatu zuen Gipuzkoako Barraketako Industrialari Autonomoen Elkarteak aurreraturiko albistea. Haur, gazte zein helduentzako gunea izango da.
Datozen egunetan argituko du Donostiako Festakek zenbat atrakzio jarriko diren barraketan. Normalean baino gutxiago izango dira, atrakzioen arteko gutxieneko distantzia mantentzeko eta jende pilaketak saihesteko. Esaterako, tonbola bakarra jarriko dute barraketan, eta ez hiru.
Horrez gain, gunean jende asko pilatu ez dadin, bi semafororen bidez edukiera kontrolatuko dute. Hau da, sarbidea itxiko dute gehiegizkoa bada jende kopurua. Gainera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, barraken eremua aire librean egongo den arren.