Hiriko intzidentzia metatuak goranzko joera mantentzen du
Azken egunetako positibo kopuruengatik 287,84koa da intzidentzia. Atzo, 54 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian, herenegun baino bat gutxiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren datuen arabera, Donostian 54 COVID-19 kasu positibo atzeman zituzten atzo. Ondorioz, intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du hirian. Une honetan, 287,84koa da. Duela bi aste hasi zen igotzen Mallorcako agerraldiaren ondorioz. Horrez gain, Deustoko Unibertsitateak atzo jakinarazi zuen 30 ikaslek koronabirusa hartu zutela udako ikastaro batean.
Intzidentzia osasun eremuka
Asteleheneko datuekin konparatuta, intzidentzia metatuak gora egin du zazpi osasun eremutan (Intxaurrondo, Ondarreta, Gros, Egia, Parte Zaharra, Amara Berri eta Altza-Roteta), berdin mantendu da hirutan (Aiete, Loiola eta Bidebieta) eta batean jaitsi da (Amara-Erdialdea).
- Intxaurrondo: 385,56
- Ondarreta: 368,68
- Aiete: 344,94
- Gros: 290,42
- Loiola: 272,55
- Parte Zaharra: 252,89
- Amara-Erdialdea: 235,03
- Egia: 223,18
- Amara Berri: 209,21
- Altza-Roteta: 163,31
- Bidebieta: 111,00
Kasu positibo kopuruari dagokionez, honakoak dira astearteko datuak:
- Amara Berri: 13
- Ondarreta: 11
- Parte Zaharra: 7
- Gros: 7
- Amara-Erdialdea: 4
- Altza-Roteta: 4
- Aiete: 2
- Egia: 2
- Intxaurrondo: 2
- Loiola: 1
- Bidebieta: 0
Txertaketa prozesua
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo adierazi zuen Osakidetzak aste honetan irekiko duela 16-29 urte arteko gazteak txertatzeko atea, eta ostiralean ahalko direla hasi txertoa hartzeko ordua eskatzen (Osakidetzaren webgunearen bidez). Bestalde, Osakidetza 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen ari da, lehen dosia jaso dezaten. Era berean, 12 eta 17 urte arteko ikasleak ikasturtea hasi aurretik txertatzen hasteko baimena eman du EMA Sendagaien Europako Agentziak, eta Eusko Jaurlaritzak gazteen txertaketa aurreratzeko eskatu du.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.
Indarrean dauden osasun neurriak
Labi batzordeak orain arteko neurriak berretsi ditu gaurko bileran.
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- 02:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan eta antzeko jardueretan %60koa da edukiera, baita terrazetan ere. Ostalaritza establezimenduen barnean %50ekoa da.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, berriz, gehienezko edukiera %30ekoa izango da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.