Añorgako pilota eskola suspertzeko elkartu dira

100 urte beteko ditu laster Añorga Kultur eta Kirol elkarteak, eta dituen sailetatik garrantzitsuenetakoa da pilotarena. Urrezko aroa iraganean utzita, lantalde batek hartu du eskola biziberritzeko ardura.

Anorga_pilota Mattin Matxain, David Arozena, Gaizka Manterola, Eneko Sierra eta Ander Eraunzetamurgil –ezkerretik eskuinera–, Añorgako frontoiaren ondoan. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Aldaketa garaia bizi du Añorgako pilota eskolak. Azken hamabost bat urtetako kudeatzaileak uztea erabaki ondoren, zazpi laguneko lantalde batek kudeatuko du Añorga Kultur eta Kirol elkarteko saila. Hasteko, eskolan izena emateko epea irekita dago hilaren 17ra bitarte. 2011n jaiotako neska-mutiletatik hasi eta gazte mailara bitartekoek eman dezakete izena. Lehen urteko matrikulazioa 50 eurokoa da, orain arte ordaintzen zenaren erdia. Datozen urteetan izen emate berriei ere aplikatuko diete beherapen hori, eta baita ere eskolan jarraituko duten pilotariei.

Añorgako hainbat aurpegi ezagunek osatzen dute eskola kudeatzeaz arduratuko den lantaldea. Horietako bostekin hitz egin du hedabide honek: Eneko Sierra, Ander Eraunzetamurgil, Mattin Matxain, Gaizka Manterola eta David Arozenarekin. Ilusioarekin hartu dute ardura, eta lan egiteko prest daudela adierazi dute.

«Mikel Maiza arduratu da azken urtetan pilota eskolaz, eta uztea erabaki zuenean kolokan geratu zen sailaren etorkizuna. Kritikoa zen egoera. Erantzukizuna pertsona bakar batek hartu beharrean, erabaki dugu zazpi lagunen artean kudeatzea Añorgako pilota eskola. Horrela, lanak banatu eta aurrera egitea erabaki dugu», azaldu du Arozenak. Ordezko baten bila aritu ziren, baina ikusi zuten ez zegoela inor prest eskolaren kudeaketa hartzeko. «Saiakerak egin genituen, baina ez genuen lortu. Horregatik sortu dugu lantaldea, eta urtebetekoa da konpromisoa. Egin beharreko trantsizioa gure gain hartu dugu», gaineratu du Sierrak.

Añorgan betidanik izan da garrantzitsua pilota. Frontoia bete egiten da jaietan, eta Añorgako askok bizi duten kirola da. Horrela ere, azken urtetan eskolako pilotari kopurua nabarmen gutxitu da, eta belaunaldi berriei begira jarri dira eskola bera biziberritzeko. «Añorgako haurrei pilota erakutsi eta irakatsi nahi diegu. Izan ere, haurrak dira gure etorkizuna. Amassorrain ikastola da gure harrobia, eta baita ere pilotan aritu nahi duten neska-mutilak erakartzea», dio Sierrak.

Duela bi urte hasi ziren ikastolako haurrekin pilotan, eta ikasturte berriari begira asmo hori indartu nahi dute. «Astean behin Amassorrainen pilota erakutsi nahi diegu ikasleei, eta aukera eman beste egun batean Añorgako frontoian aritzeko. Tamalez, Añorgako haur gehienek futbola lehenesten bukatzen dute, pilota aparte utzita», adierazi du Eraunzetamurgilek. Hain zuzen ere, Añorgako kirol elkarteak hainbat kirol uztartzen ditu bere baitan, eta horietatik futbola da indartsuena. Dena dela, pilotaren aldeko saiakera egiteko prest dago lantaldea.

Iragana, oraina eta etorkizuna
Pilotari profesionalen harrobi garrantzitsua izandakoa da Añorgako pilota eskola. Mikel Unanue eta Oier Mendizabal pilotariak dira horren erakusgarri, besteak beste. Duela hamabost bat urte goi mailan zegoen pilota eskola, eta urtez urte maila oneko pilotariak ateratzen ziren harrobitik. Ordea, hori iragana da, eta eskolaren helburua ez da iragan hura berreskuratzea. «Gure helburua ezin da izan eskola berriz goi mailara eramatea. Gaur egun zazpi bat pilotari ditugu, eta asmoa da pixkanaka gehiago erakartzea. Horretarako, haurrei pilota zer den transmititzea da garrantzitsuena», esan du Arozenak.

Kultur eta kirol elkartearen 100. urteurrenaren atarian, Añorgako pilota eskola mantendu eta haurren bultzadarekin indartzea da lantaldearen erronka.

HITZAkide HITZAkide