Ehun urte luzeko ibilbideari aitortza
Tamayo paper dendak 2020ko Espainiako Merkataritza Txikiaren saria irabazi du. Tomas Tamayok sortu zuen 1914an familia negozioa, eta etengabe berrasmatuz lortu dute irautea. Eugenio Tamayo da egungo nagusia, eta aurki seme-alabek hartuko dute haren testigua.
Eugenio, Ainara eta Ibai Tamayo, Legazpi kaleko dendan. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Merkataritza txikiaren handitasuna islatzen du Donostiako Tamayo dendak. Ekainaren 25ean jaso zuten Madrilen Espainiako Merkataritza Txikiaren saria. 15.000 euroko balioa du, baina paper dendari egindako aitortza garrantzitsuagoa iruditzen zaio Eugenio Tamayori. Bera da egungo nagusia, baina irailean hartuko du erretreta. Orduan, Ainara eta Ibai Tamayo seme-alabek hartuko dute familia negozioaren ardura. Aita gertu izango dute, aholkulari gisa, eta haren babes osoa dute Tamayo paper dendarekin aurrera egiteko.
San Sebastian Shops elkartearen bidez erabaki zuten aipaturiko sarietara aurkeztea. Ainararen ideia izan zen, eta berak prestatu zuen Tamayo paper dendaren memoria. Bitxia bada ere, albistea jakiten lehena bera izan zen. «Dendako kutxan nengoela telefono dei bat jaso nuen. Espainiako Ministerio batetik deika ari zela ulertu nion telefonoaren bestaldean zegoenari. Txantxa bat zela uste nuen, eta hornitzaile bat zela. Gerora konturatu nintzen pertsona hori serio ari zela, eta saria irabazi genuela», azaldu du Ainarak.
Saria jasotzea «oso garrantzitsua» izan da Tamayo familiarentzat. «Nire birraitonak, aitonak eta aitak egindako lana aitortu dute», dio Ainarak. Horrekin batera, lantaldearen «konpromisoa» eta bezeroen «berotasuna» nabarmendu ditu: «Egia esan, hunkituta gaude sariagatik zoriontzeko jaso ditugun mezu guztiekin. Horietako asko gure bezeroenak dira. Gustatuko litzaiguke horiek guztiak dendako erakusleihoan jartzea». Saria, berriz, denda barruan jarriko dute. «Oraindik ez dugu erabaki non kokatuko dugun, baina merezi duen lekua egingo diogu», esan du Ibaik.
Pandemiak merkataritza txikia ere nabarmen kaltetu du, eta saria jasotzea «lagungarria» izango dela aitortu du Eugeniok. Horrela ere, koronabirusak eragindako krisia «oso gogorra» izaten ari dela azpimarratu du: «Iaz bi hilabete itxita izan genuen denda, eta salmentak asko jaitsi dira. 200.000 euro inguruko galera eragin digu pandemiak, baina oraindik bizirik gaude. Modu batera edo bestera beti lortu dugu aurrera egitea».
107 urteko historia
Tomas Tamayo Berroetak, Eugenioren aitonak, sortu zuen Tamayo familia negozioa 1914an. Hasiera hartan kontabilitate liburuak fabrikatu eta saltzen zituen, eta horretan aitzindaria izan zen. 1923an arte grafikoen aldeko apustua egin zuen, eta paper dendari garrantzia handiagoa eman zion. 1967an Arturo Tamayok, Tomasen semeak, hartu zuen enpresaren ardura, eta bulegoko materiala banatzen hasi zen. Gainera, garai hartan hasi zen Legazpi kaleko dendaren erakusleihoa apaintzen, eta hainbat sari jaso zituen.
Eugenio Tamayok 1980an hartu zuen familia negozioaren ardura. Bezeroekiko aurrez aurreko arreta lehenetsi, eta paper dendaren negozio eredua modernizatzen lehenengoetakoa izan zen. Horrekin batera, denda zortzi aldiz berritu eta berrantolatu du gaur egunera arte –2006koa da azken erreforma–. Besteak beste, horregatik ere bada bereizgarria Tamayo denda. Bestalde, Arte Ederrei atal berezi bat eskaini zien dendan, eta iraultzailea izan zen beraientzat izandako harrera onarengatik. Eugenio betidanik izan da ekintzailea, eta bestelako egitasmoak sustatu ditu. Esaterako Zipristin egitasmo solidarioa.
Laugarren belaunaldia
Ainara eta Ibai Tamayo prest daude aitaren testigua hartzeko. Familia negozioaren laugarren belaunaldia dira, eta hori esanguratsua da. «Espainiako Merkataritza Ganberako ikerketa baten arabera, familia negozio bat lehen belaunaldiak sortzen du, bigarrenak garatzen du eta hirugarrenak jaten du. Hau da, oso zaila da laugarren belaunaldira iristea, soilik %30ak lortzen du», azaldu du Eugeniok. Tamayo paper dendak, ordea, bermatua du etorkizuna, eta erronka berriekin egingo dute aurrera.

