50 kasu positibo atzeman dituzte Donostian
50 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo Donostian, eta intzidentzia metatua 314,71koa da orain; gora egin du berriz ere. Intzidentzia altuena Ondarretakoa da, eta baxuena, aldiz, Bidebietakoa.
(Argazkia: Beñat Parra) Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak atzoko koronabirus datuak argitaratu ditu, eta horien arabera, Donostian 50 COVID-19 kasu positibo atzeman zituzten atzo. Intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du hirian, eta atzo eremu laranjan sartu ostean, une honetan, 314,71koa da hiriko intzidentzia. Orain dela bi aste hasi zen igotzen, besteak beste, Mallorcako agerraldiaren ondorioz; hala esan zuen Osasun sailak. Horrez gain, Deustoko Unibertsitateak aste honetan jakinarazi du 30 ikaslek koronabirusa hartu zutela udako ikastaro batean.
Intzidentzia osasun eremuka
Atzoko datuekin konparatuta, intzidentzia metatuak gora egin du lau osasun eremutan (Ondarretan, Amara-Erdialdean, Amara Berrin eta Altza-Rotetan) eta behera egin du zazpitan (Aieten, Intxaurrondon, Grosen, Parte Zaharrean, Loiolan, Egian eta Bidebietan). Bestalde, Ondarretak 400eko intzidentzia gainditu du eta eremu gorrian sartu da, eta Gros, Aiete eta Intxaurrondo daude eremu laranjan. Era berean, Bidebieta eremu berdean dago orain. Gainontzekoak, eremu horian daude.
- Ondarreta: 405,89
- Aiete: 369,00
- Intxaurrondo: 332,98
- Gros: 314,06
- Amara-Erdialdea: 279,10
- Parte Zaharra: 260,12
- Amara Berri: 255,36
- Loiola: 245,30
- Egia: 223,18
- Altza-Roteta: 193,93
- Bidebieta: 55,50
Kasu positibo kopuruari dagokionez, honakoak dira astearteko datuak:
- Ondarreta: 15
- Amara Berri: 9
- Amara-Erdialdea: 6
- Altza-Roteta: 6
- Gros: 5
- Aiete: 3
- Egia: 3
- Parte Zaharra: 2
- Intxaurrondo: 1
- Bidebieta: 0
- Loiola: 0
Txertaketa prozesua
Osakidetzak gaur ireki du 16 eta 29 urte arteko gazteak txertatzeko atea, eta goizean arazo batzuk izan ostean, 12:00etan ireki dute hitzordua eskatzeko aukera. Bestalde, 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen ari dira, lehen dosia jaso dezaten. Era berean, 12 eta 17 urte arteko ikasleak ikasturtea hasi aurretik txertatzen hasteko baimena eman du EMA Sendagaien Europako Agentziak, eta Eusko Jaurlaritzak gazteen txertaketa aurreratzeko eskatu du.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.
Indarrean dauden osasun neurriak
Labi batzordeak orain arteko neurriak berretsi zituen asteazkeneko bileran.
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- 02:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan eta antzeko jardueretan %60koa da edukiera, baita terrazetan ere. Ostalaritza establezimenduen barnean %50ekoa da.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, berriz, gehienezko edukiera %30ekoa izango da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.


