Monseko apartamentuen eraikuntza lanetan "gardentasun falta" salatu du Elkarrekin Donostiak
Elkarrekin Donostiak zalantzan jarri du Donostiako Udalak Mons pasealekuko 55 adinekoentzako apartamentuen lanen jarraipenean izandako zeregina, eta “gardentasun falta” egotzi dio udal gobernuari. Duela urtebete amaitu ziren lanak, baina Elkarrekin Donostiak salatu du oraindik ez dutela obra likidatu, eta obren atzerapenaren aurrean udalak kontratari “inolako konpentsaziorik” eskatu ez diola ere salatu du, “gardentasun falta” egotziz. Gainera, “materialetan eta kalitatean egindako murrizketen susmoen” inguruan galdetu du koalizioak.
2020ko ekainean Mons pasealekuko eraikin berria eraikita zegoen dagoeneko, eta, udalaren arabera, argindarraren instalazioa egitea eta erabilera baimena izateko ikuskapenak egitea falta zen orduan. Horrela, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu zuen udazkenerako etxebizitzak prest egongo zirela “ondo bidean”, baina ez daude oraindik. Hain zuzen, zaharrentzako 55 apartamentu ditu eraikinak, 43,40 eta 65,85 metro karratu artekoak. Horretaz gain, beheko aldean Hego Intxaurrondoko zahar etxe berria egongo da, 250 metro karratu ingurukoa. Intxaurrondoko IZBE auzo elkarteak zahar etxe berriaren beharra nabarmendu zuen orduan ere.
2013an onartu zuten eraikinaren eraikuntza, eta atzerapen asko izan ditu.