Atzera Begira

Bederatzi donostiar Erromako uretan

Ur Kirolak Arraun Taldea 1922. urtean sortu zenetik, garaipenez beteriko mendea izan da talde donostiarrarentzat, eta 1960. urteko Erromako Olinpiar Jokoak horren erakusgarri izan ziren: kategoria garrantzitsuenean arraunlari guztiak Ur Kirolak taldekoak ziren.

ur kirolak 1960ko Olinpiar Jokoetara joan zen Ur Kirolak taldeko zortzikoa.

Erromak 1908. urteko Olinpiar Jokoak antolatu behar zituen, baina Vesuvio sumendiak erupzioa izan zuen, eta Londresen egin ziren azkenean. 1960. urtean antolatu ziren Erroman Olinpiar Jokoak, eta arraunean, lemazaindun zortzikoan (8+), Ur Kirolak taldeko bederatzi gizonek hartu zuten parte.

Gaur egun, talde ezberdinetako arraunlariak elkartzen dira selekzioetako ontzietan, baina XX. mendearen erdialdean Espainiako Txapelketa irabazten zuen ontzia joaten zen nazioarteko txapelketetara, bere horretan. Hau dela eta, Ur Kirolaken lemazaindun zortzikoa joan zen Erromara.

Hala ere, gainontzeko herrialdeetako taldeak profesionalagoak ziren. Italiako selekzioak, adibidez, gobernuaren laguntza handia zuen, eta punta-puntako ontziak zituzten. Bestalde, arraunlariak askoz profesionalagoak ziren, baliabide gehiago zituztelako. Ur Kirolakeko arraunlarien bizitza oso ezberdina zen: denek zuten beste ogibide bat, eta egunean behin bakarrik entrenatu zitezkeen.

Hau dela eta, Ur Kirolaken zortzikoa azkena geratu zen Olinpiar Jokoetan, Suediako zortzikoa hiru segundo lehenago sartu baitzen. Hala ere, arraunlariek anekdota barregarriak ere ekarri zituzten Donostiara.

Guipuzcoanos en las Olimpiadas liburuak jasotzen ditu anekdota hauek. Olinpiar Jokoen inaugurazioaren desfilean, Faustino Amiano lemazainari erren batek erditik kentzeko oihukatu zion, baina Amianok ez zion kasurik egin. Desfile berean, Jose Mari Aristegik oin handiegia zuen, eta ez zitzaizkion traje ofizialeko zapatak sartzen. Hau dela eta, bere zapatak jantzi zituen, eta hortzetako orearekin margotu zituen zapata ofizialek zituzten lerro zuriak.

HITZAkide HITZAkide