Egitarau kultural zabala izango da Donostian abuztuan
Abuztuan Aste Nagusiaren ordez egitarau kultural zabala eskainiko du udalak, hiriko hainbat auzotan. Barrakak egongo dira Pasealeku Berrian, eta ekitaldietan maskara derrigorrezkoa izango da. Miramongo anfiteatroan ere ekitaldirik izango da.
Aurten ez da Aste Nagusirik izango: “Abuztuan ez da festarik izango, ezta ez-festarik ere”, nabarmendu du Jon Insausti Kultura zinegotziak. Hala ere, 183 kultur jarduerek girotuko dute Donostia abuztuan zehar. Pandemiara egokitu du egitaraua Donostiako Festakek: “Ezingo da ez jan, ez edan, ez erre, eta maskara jantzita eduki beharko da une oro. Ekitaldiek ez dute festa bultzatuko”, esan du Insaustik.
Musika, dantza, kirola, herri kirola, zinema, eta antzerkia hiriko hainbat auzotan izango dira, eta abuztuko ostegun eta igandeen artean egingo dituzte. Berrikuntza moduan, Miramongo anfiteatroan ekitaldi bat antolatu dute. Zehazki, Irun Hiria musika bandak kontzertua emango du, Ostomila txotxongile taldearekin. Betiko hainbat jarduera mantenduko dira: Txistularien Alardea, lehiaketa gastronomikoak, merkatuak, Igeldoko Harria, eta Urrezko Kopa, besteak beste.
Pasealeku Berrian barrakak izango dira abuztuaren 1etik 15era. Barrakak 17:00tik 23:30 arte egongo dira zabalik, eta Donostiako Festakeko langileek kontrolatuko dute Pasealeku Berriaren edukiera: sarreretatik gertu hainbat pantaila jarriko dira: Ijentea kalean, Portaletetan, Apaizen Pasealekuan eta Argazkilaritza Elkartearen aurrean.
Erraldoiak eta buruhandiak ez dira hiriko kaleak zeharkatzen ibiliko. Horren ordez, erraldoien erakusketa bat izango da San Telmo museoan abuztuaren 1etik estropadetako bigarren igandera arte.
Abuztuko jarduera kulturalen egitaraua ezagutzeko, egin klik hemen.