"Guk sentitu, Lauaizetako parkea sentitzen dugu gure"
Aitor Zapirain (Errenteria, 1997) Lauaizeta parkeko Bordazar baserrian bizi da, eta bertan ateratzen du bizibidea: baserritarra da. Aitaren bideari jarraituz, esnearen ekoizpenean dabil buru-belarri. Bordazarreko behien esneak, Kaiku hornitzeaz gain, Easo eta Irun plazetako esne makinetan du salmenta puntua. Bordazarreko urre zuriak sakrifizio handia du atzean, baina gustura egiten du Zapirainek.
Aitor, nola definituko zenuke zeure burua?
24 urte dauzkat, eta txikitatik baserria gustatu izan zait. Bi urte dira baserrian titular sartu nintzela. Beraz, bere txikitako ametsa betetzen ari den gazte bat naiz.
Bordazar baserrian, zein da zuen jarduna?
Orain esne behiak bakarrik dauzkagu. Aitonaren garaitik aita gaztea izan den arte denetarik egin izan da: baratza, sagardoa, esnea… Gero, Europan sartu ginenean Eusko Jaurlaritzak esan zuen ezin zela dibertsifikatu eta denetarik egin: hobeto zela zerbaitetan espezializatzea, eta horretan atera behar genuela indarra. Nire aita nire antzeko egoeran hasi zen esne behietan espezializatzen, eta ahal zen berrikuntza gehienekin profesionalizatzen, ahal zen hoberen egiten gauzak. Berak orain arte egindako lan guztiaren ondoren, nik jarraitzen dut baserriarekin, asmo antzekoarekin. Ahal bada, pauso bat atzera eman eta pixka bat dibertsifikatuko dugu, esnea ateratzeaz gain beste produktu batzuk ere ekoitziz. Pentsatzen ari gara hasiera batean jogurta egitea, eta, gero, produktu ekologikoko zigilua lortzeko beste aldaketa batzuk egingo ditugu.
Aitzindariak izan zarete hirian esne makinak jartzen.
Bai. Elizondon jarri zuten lehenengo esne makina, eta gero honantz etorri zen. Italiatik dator ohitura hori: Italian ohikoa zen esne makinak edukitzea. Elizondon jarri eta gero, Gipuzkoan bat baino gehiago hasi ginen makinak jartzen. Guk lehenago ekoizpen altuagoa geneukan, edo gehiago saiatzen ginen ahal zen kopuru gehiena ateratzen, baina aitak aldaketa bat egin zuen: behi gutxiago jarri zituen, eta aldaketa horretan esne makinak sortzeko aukera sortu zitzaigun. Horren helburua izan zen Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban baserritarrek ahal zen gertuena eduki zezaten salmenta puntua, ahal zen gertukoena izateko produktua. Errenterian jarri zuen beste baserritar errenteriar batek, eta guk Donostian jarri genuen Igeldoko Esnearekin batera. Garberan eta Trintxerpen ere jarri genituen, baina horiek gero kendu egin ziren.
Zertan da jogurtak egiteko proiektua?
Obra bukatzen ari gara eta produktua nahiko bukatuta daukagu. Galdetegi bat ere sortuta daukat Donostia eta Errenteria inguruko jendeari beraien gustuak zeintzuk diren galdetzeko: krematsua, zaporeduna, naturala, azukrearekin… Gehiengoak nahi duena egin eta ahal den heinean bezeroaren gustura egindako produktu bat sortu nahiko genuke.
Bordazarreko behiek ematen duten esne guztia esne makinetan saltzen duzue?
Kaikuko bazkide ere bagara. Esne makinak jarri aurretik esne guztia Kaikura eramaten genuen, Gipuzkoako gainerako baserritarrek bezala. Guk zati bat esne makinetan saltzen dugu, eta gainerako guztia Kaikukoei ematen diegu. Betidanik horrela egin dugu, eta egia esan, ondo funtzionatzen dugu.
Kaletarrek baloratzen dute bertako produktuak kontsumitzea?
Nik uste dut baietz. Esnea, produktu moduan, ez da baloratu izan: supermerkatuan ura baino merkeago saldu izan da. Esne makinetara eramaten hasi ginenean esne freskoa, pasteurizatua eta ahal den tratamendu gutxienarekin, jendea erostera etortzen hasi zen, eta gainera, beraiek eskertzen ziguten. Guk esaten genien: “Eskerrik asko erosteagatik”. Eta beraiek: “Ez. Eskerrik asko zuei horrelako esne natural goxoa ekartzeagatik”. Orduan, jendeak eskertzen du, eta gu asko asetzen gaitu horrek: energia handia ematen digu.
Baserritarren kopurua murriztuz joan da. Nola bizi duzu hori?
Aita gaztea zenean, 4.000 baserrik ematen zieten esnea Kaikuri Gipuzkoan: orain 150 geratzen gara. Ez da kontuan hartzen, ez da baloratzen, eta kalean ere ez da arrisku hori ikusten. Orain baloratzen hasi dira pixka bat, baina azken urte hauetan kostuak igotzen ari dira: gasoila, pentsua, argia… Eta esnearen prezioa ez da hobetzen. Gure kasuan, egoera ez da oso ona. Kalean jendeak agian ez du ikusten nolakoa den geurea, bakoitza berean zentratuta dagoelako. Gure esnea baloratzen du jendeak, baina atzean dagoen lan guztia ez hainbeste.
Europako Batasuneko nekazaritza politikak nola eragin dizue zuei?
Gure eremuan, daukagun orografia aldapatsuarekin, ez du kostu bera litro bat esne ateratzeak, Galizia, Leon eta Kataluniako lautadekin konparatuz. Hor askoz azkarrago sortu dezakezu janaria kostu gutxiagorekin, eta hemen, berriz, garraioan, salmentan eta ekoizpenean kopuru txikiagoak sortzen dira proportzioan. Orduan, Europatik egin dena izan da zerbait orokorra, eta ez dira kontuan hartu zati bakoitzak dauzkan zailtasunak edo ezberdintasunak.
Zenbat behi dituzue?
Orain jezten, 70 inguru. Gero, gazteak ditugu. Guztira, 150 inguru.
Irakasle ikasketak egin zenituen, baina baserritarra zara. Nolatan?
Txiki-txikitatik gehiena gozatu izan dut baserrian, eta baserritarra izan nahi izan dut. Batxilergoa egitera bultzatu ninduten, eta selektibitatea ere badaezpada egin nuen. Nahiko ondo atera zitzaidan. Baserrian aurrera jarraitu ezin izateko arriskua egon badago, eta horregatik, unibertsitateko gradu bat ikasteko esan zidaten, badaezpada. Baserria kenduta, gehien gustatzen zaizkidanak umeak dira. Irakaskuntza asko gustatzen zait, eta irakasle ikasketak egitea erabaki nuen. Ikasketak egiten nituen bitartean berdin-berdin jarraitu nuen hemen lanean aitari laguntzen, eta amaitu eta gero hemen geratu naiz. Eta oso gustura nago, egia esan.
Amara Berrin bizitza egiten duzu. Zure lagun kaletarrek nola ikusten dute zure bizitza?
Ama Amara Berri ikastetxeko irakaslea zen, gu umeak ginenean. Gu Errenteriako azken baserrian bizi gara, baina antzeko geratzen zaigu Errenteriara joatea ala Donostiara joatea. Txikitan erosoagoa zelako amarekin eskolara joatea, Amara Berrin ikasi dugu. Lagunak bertakoak ditut, eta beti bizitza Donostia aldera egin izan dugu. Lehenago ere aita eta beti Altzara gehiago joaten ziren Errenteriara baino. Altzako baserri gisa hartzen dugu Bordazar, nahiz eta Errenterian egon.
Txikitatik baserritarra izan nahi izan dut: eskolako aurkezpen eta ahozkoak beti ziren lehenengo sektoreari buruz. Betidanik ikusi izan dute lagunek baserria gustatzen zaidala, baina ikusten dute oso gogorra dela lana. Agian hilabetean behin elkartzen naiz soilik lagunekin: beraiek astean hiru aldiz elkartzen badira, ni azaltzen naiz larunbaten batean hilabetean behin edo horrelako zerbait.
Denbora asko kentzen dizu baserriak?
Ia denbora guztia hemen ematen dut, bai. Beraiek ikusten dute gogorra dela, eta alde horretatik pixka bat arinago ibiliko banintz hobeto izango zen. Hala ere, gustatzen zait nire lana, eta ezin duzu eduki bulegoko ordutegia. Ez dugu marjinarik larunbatak eta igandeak jai izateko. Prezioak altuagoak izango balira agian aukera izango genuke beste enpresetan bezala beste langileren bat hartzeko. Orain egoera larri dagoenez, dauzkagun bi langileek astelehenetik ostiralera egiten dute lan, eta asteburuetan guk egiten dugu. Zuk zure aldetik gehiago jarri behar duzu, aurrera ateratzeko.
Bordazar baserria Errenterian dago, baina zuek errenteriar sentitzen zarete?
Baserria Errenterian dago, baina bizitza beti Donostian egin dugu: ikasi Amara Berrin, eta parrandak Parte Zaharrean. Nire birraitonaren garaian Errenteriara joaten ziren, baina gerra garaian familia osoa salatu zuten. Nire birraitona eta bederatzi semeak San Markosko kartzelan sartu zituzten. Ordutik, Altzara joan dira beti nire aitona, aita eta denak. Guk sentitu, Lauaizetako parkea sentitzen dugu gure: Altza, Errenteria eta Astigarraga hartzen ditu. Herri baten erdian ez dagoenez, ez dugu herri bateko nortasuna sentitzen. Lauaizeta parkekoak sentitzen gara.
Baserritarrek zer behar duzue?
Gure produktua baloratzea, eta atzetik dagoen sakrifizioa ikustea. Adibidez, ni lagunekin elkartzen naizenean aitak sakrifizio handiagoa egin behar du berak lan gehiago eginez. Bizitzeko modu bat da, eta herrira edo hirira produkturik ahalik eta naturalena eta osasuntsuena eramateko, guk atzean sakrifizio handia egin behar dugu. Beraz, jendeak hori baloratu dezala, eta merkatua handitzen doan heinean gure produktuen prezioak igo daitezela pixka bat, horrela lasaiago bizi gaitezen. Azkenean, lehen 4.000 baserri zeuden lekuan orain 150 egotea da horretatik bizi ezin den seinale. Bizitzeko zer behar da? Soldata duinago bat. Aldaketa agian zaila da, baina behar dugu agian baloratzea zein sakrifizio egiten dugun. Inguru hau guztia baserritarrok mantentzen dugu garbi. Animalien aurkako tratu txarrak direla esaten duenik bada, beganismoa indartzen ari da… Horrelako kasuetan, animaliak kenduko bagenitu, ingurua ez zen garbi egongo ez genukeelako belarrik beharko. Gasoila xahutu beharko litzateke belarra mozteagatik eta garbi mantentzeagatik bakarrik. Beraz, guk egiten dugun lanak eragina du inguruan, eta hori baloratzea gustatuko litzaiguke.
Antondegiko surf parkeak kalte egingo lioke Bordazar baserriari
Bordazar baserriaren ondoan dago Antondegi lursaila. Azken hamarkada luzean hainbat hirigintza proiektu kokatu dituzte han. Donostiako Udalak lurrak desjabetu zituen etxebizitzak egiteko. Gerora, Loiolako kuartelak hara eramateko aukera sortu zen. Orain olatu artifizialen surf parke bat jarri nahi dute han. Wavegarden enpresaren proposamena da udalak aurrera eraman nahi duena, eta hainbat talde ekologista antolatzen hasi dira proiektua gelditzeko.
Bordazarren ere ez daude gustura proiektuarekin. Izan ere, Antondegi gaineko belardia Zapiraindarrek kudeatzen dute: “Gure behientzako elikagaia sortzeko leku garrantzitsua da. Batez ere, belarra eta artoa”, azaldu du Aitor Zapirainek. “Guk baimena dugu eremua erabiltzeko: eremua garbitzearen truke erabil dezakegu, eta horrela nahi dugun probetxua atera diezaiokegu belardiari”, gaineratu du.
Bazka hori gabe geratzeak kalte egingo die Bordazarrekoei: “Kanpotik erosten hasiko bagina janaria, kostuak igoko ziren, prezioak dauden bezala. Antondegiko lursaileko belarrik eta artorik gabe, askoz estuago ibiliko ginateke”, esan du Zapirainek.