Loiolako Lorategi Hiria berritzeko unea iritsi da
Donostiako Udalak behin betiko onartu du eremua birsortzeko proiektua, eta 261 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute, besteak beste. Lanak datorren urtean hastea espero du udalak.
Batekin bukatu orduko hasiko dira bestearekin. Une honetan, Loiolaren etorkizunari loturiko bi hirigintza proiektu garatzen ari dira. Zeharbidearen lanak aurrera doaz, eta datorren urtean Loiolako Lorategi Hiria birgaitzeko hirigintza planarekin hasiko dira. Donostiako Udalak 10,2 milioi euroko aurrekontua zehaztu du 65.891 metro karratuko azalera duen eremua eraldatzeko. Saihesbidearen azpian dagoen aparkalekutik Urbia kaleraino doan lursail zabala da. Eremuan dauden etxebizitzak egonkortu, eta beste 261 etxebizitza eraikiko dira, horietatik 104 babes publikokoak. Gainera, ekipamendu publikoak eraikiko dituzte.
«Etxebizitza berriak eraikitzearekin batera, oinezkoentzako kale berri bat sortuko da. Hain zuzen ere, kultur etxea eta frontoiaren aurrean sortuko den plaza berritik abiatuko den kalea. Bi kirol pista berri egingo dira; bata saihesbidearen azpian, eta bestea ibaiaren ondoan dagoen bidegorriaren alboan sortuko den gune berdean», adierazi du Nekane Arzallus alkateorde eta Hirigintza zinegotziak.
Birsortzearekin eremua «nabarmen» aldatuko dela esan du Arzallusek, «tradizioa eta modernitatea» uztartuko direlako. Zirkulazioan aldaketak eragingo ditu hirigintza planak. Bide berri batek lotuko ditu Loiolako hiribidea eta Astiñeneko zubia. Horretarako, biribilgune eta aparkaleku berri bat eraikiko dituzte. Horrez gain, Loiola eta Loiolako Erribera auzoen arteko lotura hobetuko dela adierazi du.
Urumea inguruan
Hirigintza sailak etxebizitzak eraikitzeko hamahiru proiektu ditu eskuartean, eta horietako bat da Loiolako Lorategi Hiriarena. Guztira 3.500 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute. 1.200 publikoak eta sozialak izango lirateke, guztiak alokairura bideratuak.