Bandera eta lidertza eskuratu ditu Arraun Lagunakek
(Argazkia: Euskotren Liga) Arraun Lagunakek Getxoko bandera irabazi zuen atzo, eta Euskotren ligako liderrak dira 19 punturekin eta Oriorekin berdinduta. Donostiarra, berriz, laugarren tokian dago 11 punturekin, baina hirugarrena den Hondarribiarekin berdinduta.
Denboraldiko hirugarren garaipena da Lugañene ontziarentzat, eta bigarren bandera –Donostiakoa izan zen aurrena–. Hasi eta buka, estropada menderatu zuen Arraun Lagunakek eta alde nabarmenarekin gainditu zituen gainerako hiru ontziak. Zazpi segundo atera zizkion Hondarribia bigarren sailkatuari, hamabi Oriori eta hamalau Donostiarrari. Larunbatean, berriz, Donostiako ontziak ez ziren fin ibili. Orioko uretan etxeko taldeak irabazi zuen, Hondarribia izan zen bigarren, Arraun Lagunak hirugarren eta Donostiarra laugarren.
Eusko Label ligan, berriz, Zierbena izan zen onena Getxoko uretan. Donostiarra bosgarren lekuan sailkatu zen, bigarren txandan aritu ostean. Hain zuzen ere, Zierbenaren atzetik iritsi zen helmugara, eta bizkaitarrek egindako denbora onena ez zuten hobetu hirugarren txandako lau ontziekin. Aldiz, larunbatean Santurtzik irabazi zuen Orioko bandera, eta orduan ere bosgarren geratu zen Donostiarra. Zentzu horretan, erregularrak izaten ari dira. Sailkapen nagusian, Santurtzi da liderra 63 punturekin, eta Donostiarra bosgarren tokian dago 47 punturekin.
KAE2 ligan, Donostiarraren bigarren taldeak ez du astebururik onena izan. Atzo, Portugaleten, azken postuan geratu ziren etxeko taldeak irabazitako estropadan. Sailkapenean seigarren tokian daude 27 punturekin.

