"Lana ondo egiten baduzu, bezeroak zurekin egongo dira beti"
Sanchez inprentak 103 urte daramatza Easo kalean, baina desagertu da dagoeneko. Montxo Sanchez eta Mabel Tolosa izan dira azken jabeak, eta lekukoa hartuko dienik ez dagoenez, erretiroa hartu dute. Ez da kopistegi huts bat: inprenta bat da. Enpresaren ibilbideaz, beraien lanaz, bezeroez eta bestez jardun dugu Mabel Tolosarekin, luze eta zabal.
103 urte eta gero, inprenta itxi duzue. Zeintzuk dira zuen sentipenak une honetan?
Poza sentitzen dugu, benetan. Hainbeste urte pasa eta gero lan eta lan, oso esperientzia politak izan ditugu, eta bezero benetan jatorrak dauzkagu. Esperientzia oso polita izan denez, oso pozik gaude. Egia da erabakia hartzerako momentuan, ixteko data zehaztean, pixka bat tristea izan zen sentsazioa, baina gero jada ez.
Zein izan da ixtearen arrazoia?
Adina. Montxo jubilatzeko unea iritsi da, eta gauzak hainbeste aldatzen ari direnez, nahiago dugu momentu honetan jubilatu. Bestela gero, auskalo! Hala ere, duela bi urtetatik zuen pentsatuta.
Lekukoa hartuko dizuenik ez dago?
Ez, ez dago. Gertatzen dena da hementxe lanean egon direnek ez dutela hartuko, eta interesa zuten pertsona batzuek ez zekiten nolakoa den gure lana. Gure lana ez da, “Nik diseinua ikasi dut, eta sartuko naiz”; ez. Hemen urte asko egon behar da lana ondo egiteko. Ez da bakarrik inpreso bat ateratzea makinatik, ez. Diseinuak aparte badauka bere eskuzko lana, ondo egiteko: talonarioak nola egiten diren, karpetak solaparekin… Hainbeste lan desberdin izanez, ez da hain lan erraza.
Duela 103 urte inprenta sortu zuen Montxoren aitonak.
Bera hasi zen inprentarekin, eta espezialitatea enkuadernazioa eta luma estilografikoak ziren. Momentu horretan oso garrantzitsuak ziren bai enkuadernazioa bai luma estilografikoak, eta horiekin hasi ziren. Gero, inprentarekin jarraitu zuten gehiago. Garairako oso inprenta aurreratua zen, makina modernoekin. Montxoren aita lehenengoetarikoa izan zen fotokopiak egiten, baina gero kendu zuten. Inprenta izan zen bere lan garrantzitsuena. Gaur egun fotokopia asko egiten dira, baina lehen ez hainbeste. Gainera, denbora asko galtzen zuten fotokopiak egiten, makinak motelagoak zirelako.
Bulegorako materialaren erabilera murrizten hasia da?
Bai. Bere garaian dena behar zuten: kutxak, kontabilitatea eta banaketa egiteko… Den dena. Hala ere, gaur egun inprentan egiteko inpreso asko daude. Ez da bakarrik inpresora batetik gutun-azalak inprimatzea: ez da berdina. Irudi korporatiboa oso garrantzitsua da: paperak, gutun-azalak… Logotipoaren arabera paper zehatzak aukeratzen ditugu. Denetariko txartelak ere egiten ditugu, karpetak, dossierrak, eskuorriak, propaganda, kartelak… Guztiak bezeroen beharretara egokitzen ditugu. Jatetxeetako menuak ere bai, ezkontzako gonbidapenak… Material asko daude, eta guk kalitatezkoak erabiltzen ditugu. Hemendik saltzen diren gauzek denbora irauten dute, eta amortizatzen dira. Gainera, ez da hain garestia.
Zein izaten da inprentako giroa? Estres uneak ere badaude?
Bai, boladaren arabera. Ezkontzen epea martxotik aurrera da: martxoan guk ia dena eginda daukagu. Irailean hasten gara. Erakutsi behar da, aukeratu behar da, proba erakusten dugu… Askotan enpresetatik etorri dira esanez: “Kongresu bat egin behar dugu datorren astean”. Aste batean 1.000 eskuorri egin behar ditugu. Momentu horietan estresa izaten dugu, baina lana egiten dugu, eta punto. Guretzat garrantzitsuena da bezeroaren satisfakzioa. Horregatik gaude hemen hainbeste urtez. Guk hitza ematen badugu, betetzen dugu: hori izan da gure helburua. Beti saiatu gara gauzak ondo egiten, eta epeak betetzen.
Badago lana zuen sektorean?
Bai, zalantzarik gabe. Inprenta ez da soilik ikusten dena. Barrutik lan asko daude, eta oso desberdinak. Inprenta aldatzeaz gain ingurua ere aldatzen da. Adibidez, Cervezas El León gure bezeroa izan zen. Beraientzako dena egiten genuen. Gure bezeroen funtzionamendua aldatuz joan den moduan gu ere aldatuz joan gara.
Interneta paperarentzako mehatxu bat da, ala lagun bat?
Guretzat ez da mehatxu bat izan. Poster bat egin nahi baduzu, adibidez, papera behar duzu. Dena ezin da ordenagailuaren bidez egin: ordenagailua izorratzen bazaizu, zer?
Bezero fidelek zer egingo dute zuek gabe?
Beste enpresa batera bideratu ditugu. Beraiek izan ziren jubilatuko ginela esan genien lehenengoak. Beraiek dute lehentasuna.
Zein uste duzu dela inprenta honek 103 urteko ibilbidea eduki izanaren gakoa?
Fidelitatea eta lana. Lana ondo egiten baduzu, bezeroak zurekin egongo dira beti.