TAO sistema Loiolara eta Melodira zabalduko dute
Loiolan eta Aieteko zenbait eremutan oraindik ez dago TAO sistema indarrean, baina ez luzarorako. Urtearen amaieran indarrean sartuko da bi eremuetan, eta bizilagunek egoiliar txartela eskatu ahalko dute.
Aparkatze Arautuaren Udal Zerbitzua Loiolara eta Aieteko zenbait eremutara –Melodi, Pio Baroja, Sanserreka, Lazkano eta Jose Olaizola kale eta pasealekuen ingurura– zabaltzea erabaki du Donostiako Udalak. TAO sistemaren bi gune berri horien sorreraren tramitazioa egiten ari dira, eta urtearen amaieran onartzea aurreikusten dute. Beraz, urtearen amaieran ezarriko dute TAO bi eremu horietan, eta orduan izango dute bizilagunek egoiliar txartela eskuratzeko aukera. Udalak inguruko bizilagunak informatuko ditu eskuratzeko epeen inguruan, dagokion unean. Horregatik, oraindik ezin dira egoiliar txartelak eskuratu.
TAO bi gune berritarra zabaldu izanaren arrazoiak honakoak dira, Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera: “Bi kasu hauetan gertatzen dira oso ezagunak diren ertz-efektuak. Melodin, bai anbulatorioa bertan egoteak, bai Morlansko igogailua jartzeak eragin du jende dezentek autoa bertan uztea, eta beraz, bertakoentzat aparkatzeko arazoak sortzen hastea. Loiolako kasuan, tren geltokiarekin lotuta, fenomeno berdina gertatzen zaigu. Bulebarizazio proiektua aurrera doan heinean ere, bertakoentzat aparkalekuak geroz eta eskasagoak dira. Beraz, auzotarrekin hitz egin da, eta erabaki da TAO zabaltzea, bertakoek aukera izan dezaten gune horietan errazago aparkatzeko”.
TAO sistema oraindik ez duten azkenetariko eremuak dira hirian.
TAO sistema, udan malguago
Jazzaldiaren eta Donostiako Klasikoaren ondorioz, TAO txartela duten Parte Zaharreko (1-1 eremua), Erdialdeko eta Amarako (1-2 eremua), eta Groseko (2-1 eremua) bizilagunek hiriko beste eremuetan aparkatuko ahalko dute abuztuaren 2ra arte. Halere, ordainketa nahitaezkoa den guneetan ordaindu beharko dute.