Artikutza gauez ezagutzeko aukera paregabea, abuztuan
Abuztuan Artikutza hobeto ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu ditu Artikutza Naturak; lehena abuztuaren 7an izango da, eta bigarrena, abuztuaren 22an.
Abuztuaren 7ko bisita gidatua berezia izango da. Izan ere, 19:00etan abiatuko dira eta gauez amaituko dute, 23:00 inguruan. Izarrei begiratzeko baliatuko dute bisita, baita konstelazioak aztertzeko ere. Bianditz gainera igoko dira horretarako.
Abuztuaren 22an, berriz, zailtasun ertaineko ibilaldia egingo dute. Eskasetik abiatu eta basoetan barrena Bidangogaineraino helduko dira. Buelta Erroiarriko ur jauziaren ondotik egingo dute.
Bisita gidatuetan parte hartzeko, Donostiako Udalaren webgunearen bidez edota 679-61 30 16 telefono zenbakira deituta edo idatzita eman daiteke izena.