40 urte bete ditu Donostiako Klasikoak
Txirrindularitzako klasiko garrantzitsuenen artean egotera heldu da Donostiako Klasikoa. Lau hamarkada hauetan mundu mailako txirrindulari onenak izan dira bertan.
Denborarekin aldaketa ugari izan dituen arren, 40 urtez ospatu da lasterketa. Pasa den urtea izan zen salbuespena, pandemia dela-eta bertan behera geratu baitzen. Hasierako ekitaldietatik ospe handiko lasterketa izan da, eta 1989tik 2005era Txirrindularitzako Munduko Koparen parte izan zen. Gaur egun, UCI World Tour mailako klasikoetako bat da.
1981eko abuztuaren 11n egin zen lehen ekitaldia eta Teka taldeko Marino Lejarreta txirrindularia izan zen irabazlea. Bigarren postuan, Graham Jones estatubatuarra sailkatu zen, eta hirugarrenean, Faustino Ruperez espainiarra. Lejarreta Klasikoaren historiako pertsonaia garrantzitsuenetakoa da. Izan ere, Donostiako Klasikoan garaipen gehien lortu dituen txirrindularia da. Guztira, hiru aldiz irabazi du, 1982an eta 1987an ere lehen postua lortu baitzuen. Hala ere, ez da Klasikoa irabazi duen euskal txirrindulari bakarra, 1986an Iñaki Gaston bizkaitarrak irabazi zuen, eta 1990ean Mikel Indurainek. Oraingoz, ordea, ez da donostiarrik iritsi podiumera.
Gipuzkoan barrena egiten den lasterketa, beti hasi eta amaitu izan ohi da Donostian. Tarteko hainbat zati aldatzen joan dira urteak igaro ahala, eta horregatik, ez du beti luzera eta zailtasun bera izaten. 230 km inguruko ibilbidea izaten da, baina aurten 223,5 kilometro izango ditu.
Jaizkibelgo gaina klasikoaren bereizgarrietako bat izan zen denbora luzez. Askorentzat lasterketako igoera gogorrena zen, eta bereziki pelotoitik ihes egiteko une erabakigarria izaten zen. 40 urtean aldaketa asko izan dira eta gaur egun ez da hasierako ibilbide bera egiten.
Emakumezkoen lehen Klasikoa
38. Klasikora arte arte itxaron behar izan zen emakumezkoen lasterketa egiteko. 2019. urtean izan zen lehenengoa, eta Michelton-Scott taldeko Lucy Kennedy australiarrak irabazi zuen. Lehenengo euskal herritarra Lourdes Oiarbide izan zen; seigarren postuan geratu zen. Gizonezkoen egun berean egin zen eta 100 kilometro inguruko ibilbidea egin zuten. 2020. urtean, ordea, ez zen lasterketarik izan eta aurten egingo da bigarrenez.