Bera Bera taldeak hiru jokalari berri aurkeztu ditu
Osatu berri dute Bera Bera eskubaloi taldearen plantilla berria. Hamazazpi jokalarik osatuko dute lehen taldea, hamalau jokalarik eta bigarren taldeko beste hiruk, alegia. Atzo burutu zuten aurreneko saioa Gaska kiroldegian, Imanol Alvarez entrenatzailearekin.
Hiru dira jokalari berriak: June Loidi elgoibartarra, Maddi Aalla Gorlizko (Bizkaia) atezaina eta Cristina Polonio pibota (Valentzia, Herrialde Katalanak). Elisabet Cesareo eta Adriana Cardoso goizean Olinpiar Jokoetan aritu zirenez, ez ziren egon. Era berean, iazko denboraldian lesionaturik amaitu zirenak Emma Boada, Sara Gil eta Maria Prieto taldearekin batera aritu dira. Horrez gain, gazteetan, Amaia Zolezzi, June del Campo eta Malen Morandeira bigarren taldekoek Bera Bera taldearekin denboraldiaurrea egingo dute. Bestalde, bigarren urtea izango da Alide Fernandes, Laura Hernandez eta Malena Cavorentzat. Imanol Alvarez entrenatzailearen esanetan, taldea “gogotsu” dago.
Tokioko Olinpiar Jokoei dagokienez, Bera Bera taldeko hiru jokalari daude lehian Espainiako selekzioarekin, horien artean Eli Cesareo kataluniarra. Asteartean Frantziaren aurkako garaipenean parte hartu zuen (28 – 25). Adriana Cardoso eta Renata Lais de Arruda brasildarrak ere Olinpiar Jokoetan dabiltza.