Olatuak itsasoan
Antondegiko surf parkearen proiektuak hiri-eredua, ekologismoa eta surfa zeharkatzen dituen eztabaida piztu du. Antondegi Berdea elkarte eta plataformen elkargoak protesta egin du Zurriolan, olatuek itsasoan egon behar dutela aldarrikatzeko. Kontra ageri diren elkarteek adierazi dutenez, surfaren praktikan eragina izango du, baita ingurumenean ere. Itsasotik lau kilometrora dagoen berdegunean jarri nahi dute parkea, Atlantikoko landazabaleko ekosistema duen Donostiako eremu bakarrenetakoan. Zentzugabekeria dela diote surflariek: bertara joango direnek sarrera garestia ordaindu beharko dute, Kantauri itsasoko olatuak olatu artifizialaren gainetik ikusteko.