Oiartzabal, Merino eta Zubimendi txuri-urdinak domina olinpikoekin itzuliko dira

olinpiar Zubimendi eta Oiartzabal Realeko jokalariak, Japoniaren aurkako garaipena ospatzen. (Argazkia: Martin Mejia/AP)

Urrea ala zilarra? Larunbatean argituko da galdera hori, baina gauza bat ziurra da: Mikel Oiartzabal, Mikel Merino eta Martin Zubimendi Realeko jokalariak domina olinpikoekin itzuliko dira Donostiara. Izan ere, Tokioko Olinpiar Jokoetako futbol txapelketako finalera pasa zen atzo Espainiako selekzioa, partida luze baten ostean.

Athleticeko Unai Simon atezainarekin batera, Espainiako selekzioaren bizkarrezurra osatzen dute hiru txuri-urdinek, eta Oiartzabal erabakigarria izan zen atzo, final laurdenetan gertatu zen moduan. Hain zuzen, luzapenean, 115. minutuan, pase erabakigarria eman zion Oiartzabalek Asensiori, Real Madrileko jokalariak garaipenaren gola egiteko. Larunbatean jokatuko dute finala, 13:30ean, Brasilen aurka, eta urrezko domina bilatuko dute.

Odei Jainaga, kanpora

Txanponaren beste aldean Odei Jainaga Realeko xabalina jaurtitzailea dago, Tokioko Olinpiar Jokoetatik kanpo gelditu baita. Sorbalda minduta zuela egin du debuta gaur, eta ezin izan du sailkapen fasea gainditu, 73,11 metroko jaurtiketa egin baitu.

HITZAkide HITZAkide