Zerga arau orekatuagoak aldarrikatu dituzte Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk
Donostiako Udalak 2022rako zerga arauak aldatzeko asmoa du, presio fiskala %1,5 igoz, eta horrela, 1,8 milioi euro gehiago jasotzea aurreikusten du. Horren aurrean, hainbat proposamen aurkeztu ditu oposizioak; bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin Donostiak. Hain zuzen, Elkarrekin Donostiak nabarmendu du “banaketa fiskal bidezkoagoa, sozialki orekatuagoa eta pandemiaren krisiarekin bat datorrena egiteko” erregistratu dituela proposamenak, eta “fiskalitate bidezkoagoa, berdeagoa eta sozialagoa lortzeko” helburua duela azpimarratu du EH Bildu.
KPI Kontsumo Prezioen Indizea erreferentzia hartuta egin du udalak presio fiskalaren aldaketa, baina Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak dio hori ez datorrela bat herritar guztien errealitatearekin: “Egia da batez besteko KPI-a %1,5 igo dela. Ordea, etxebizitzen eta energiaren prezioek gora egin dute, baina gainerakoek ez dute gora egin”. Horregatik, herritar guztiei eragiten dieten zergak jaisteko eskatu du Aranetak: Ondasun Higiezine Gaineko Zerga (OHZ), hondakinen tasa edo saneamendu-tasa, hain justu. Hori konpentsatzeko, Aranetak proposatu du etxebizitza hutsei ezartzen zaien errekargua %100etik % 150era igotzea, eta, gainera, katastro balioaren muga 225.000 eurotik 75.000 euroara. “Donostian, etxebitzitza garestiena duen hirian, 225.000 euroko katastro balioa duten etxebizitza hutsa manten dezaketenek ez dute egun errekargurik ordaintzen” salatu du Aranetak. Era berean, proposatu du etxebizitza turistikoen lizentzien kostua %10 igotzea.
Horrez gain, udal gobernuak aurreikusten duen TAO-aren tarifen igoeraren aurka agertu da Elkarrekin Donostia, eta proposatu du igoera handiagoa izateko erdigunean (%2,5ekoa) eta igoeerarik ez izateko erdigunetik urrutien dauden eremuetan.
EH Bilduk 22 proposamen erregistratu ditu guztira, fiskalitate bidezkoagoa, berdeagoa eta sozialagoa lortzeko. Besteak beste, OHZ zergaren kuota osoaren hobaria %10etik %50era handitzea proposatu dute, eguzki energia edo beste energia iturri berriztagarriren batetik datorren energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzetarako. Era berean, ohiko bizilekua ez izategako errekargua %150era igotzeko proposamena ere egin dute.
Zaborraren tasari buruzko proposamenak ere egin dituzte, besteak beste: “EH Bilduk, fiskalitate ekitaboari eta progresiboari jarraiki, proposatu du etxeko zaborraren tasa %0,7 besterik ez igotzea, eta %3 garestzea sortzaile handiei”.