"Hasiera batetik, ez genuen taberna arrunt bat ireki nahi"
Inar Loidi Urgulleko Polboriña tabernako jabeetako bat da, eta kuadrilla bereko bost lagun dira sozioak. Taberna berezia da hau, bai lekuagatik, baita kontzertuak eskaintzen dituztelako ere.
Inar Loidi, Urgulleko Polboriña tabernako jabeetako bat. (Argazkia: Idaira Agirregomezkorta) Noiztik zaudete taberna honetan?
Urte batzuk daramazkigu hemen; kuadrilla bereko bost lagunen artean dugu taberna, eta sozioak gara bostok.
Nola bizitzen ari zarete pandemiaren egoera ostalari gisa?
Ostalaritzaren sektore guztia bezala, egia esan. Laguntza gutxi egon dira, murrizketa asko eta arau asko, betetzen ari garenak. Ahalik eta hoberen moldatzen saiatu gara momentu oro. Egia da ordutegi murrizketak ez digula eragin guri, egunez etortzeko taberna delako; gaueko bederatziak aldera ixten dugu. Baina edukierak bai eragin digu.
Egin duzue bat ostalaritzak egin dituen mobilizazioekin?
Bai, parte hartu dugu. Bat egiten dugu beraiek aldarrikatzen zutenarekin. Murrizketak egon dira, eta ulergarria da, egoerak eskatzen zuelako. Baina murrizketak baldin badaude, laguntzak ere eman behar dira, bestela sektoreak ez du zer eginik. Guk zortea izan dugu terraza dugulako, baina ez duen jendeak oso zaila du egoerari aurre egitea laguntzarik gabe.
Asko esan izan da kutsatze gehienak tabernetan izan direla. Uste duzu egia dela?
Ni ez nago ados horrekin. Jendea beste leku askotan kutsatu da, lanean adibidez, eta errua jendearen aisialdiari bota diote. Aisialdia kriminalizatu egin da, eta horrek lotura du ostalaritzarekin. Ostalaritzan murrizketak jarri dira, eta bete dira. Beste eremu askotan, ordea, ez dira jarri.
Orain ezin daiteke barrura sartu. Pandemiaren aurretik bai?
Bai, lehen bai. Lehen posible zen barrura sartzea, eskatzeko. Baina egoera honekin erabaki genuen kanpotik eskatzea. Bai guretzako eta bai bezeroentzat segurtasuna bermatzeko, eta lasaiago ibiltzeko.
Terrazari dagokionez, beti izan duzue mahai kopuru berdina?
Ez, orain gutxiago ditugu. 20 bat mahai daude orain gutxi gorabehera, eta lehen 26 bat genituen. Orain distantzia gehiago dago mahaien artean.
Orokorrean, jendea ondo portatu da neurriak direla eta?
Kostatu da, hasieran gehien bat. Orain, ordea, jendea hobeto portatzen da. Jendeak ikasi du, denok ikasi dugu. Beti ere arauak bete nahi ez dituenak, aukera dauka beste leku batera joateko.
Nolakoa da bezeroen profila?
Pandemiaz geroztik, orain hasi dira turista gehiago etortzen. Baina arratsaldeetan, hemengo jendea izaten dugu gehien; bai donostiarrak eta bai probintziako jendea. Astean zehar, goizetan, turista asko etorri ohi dira, baina bestela hemengo jendearekin egiten dugu lan. Asteburuetan, familia asko etortzen dira haurrekin eguerdietan, eta lagun kuadrillak arratsaldeetan. Pandemiaren aurretik egia da askoz turista gehiago etortzen zirela.
Eguraldiaren menpe zaudete, ezta?
Bai, zuzenean eragiten digu eguraldiak. Euria egiten badu, normalean ezin izaten dugu zabaldu. Udan, uztailean eta abuztuan, euri gutxi egiten badu, itzalkinak jarrita salbatu ahal izaten dugu; euri asko egiten badu, ordea, zuzenean ez dugu zabaltzen.
Neguan itxi egiten duzue?
Normalean bai. Iazko uda oso ahula izan zenez, ordea, neguan ere zabaldu dugu asteburuetan; ostegunetik igandera. Moldatzen joan gara egoeraren arabera. Normalean, ordea, azaroan ixten dugu eta martxoan ireki.
Kontzertuak ere eskaintzen dituzue. Nondik dator ideia hori?
Hasiera batetik, ez genuen taberna arrunt bat ireki nahi. Harago joan nahi genuen, zerbait kulturala egin. Gainera, lekua ere aprobetxatu behar dela ikusten genuen. Izan ere, hirian gero eta leku gutxiago daude kontzertuak emateko aukera dutenak. Asko ixten ari dira, gaztetxeak esaterako. Hemen, aukera izanda, kontzertuak ematen hastea pentsatu genuen, astean bi edo hiru.
Nor gonbidatzen duzue kontzertuak ematera etortzea?
Tokiko jendea gehienbat, ez ditugu talde ezagunak ekartzen. Kanpokoak ere batzuetan gurekin kontaktuan jartzen dira sare sozialen bidez kontzertua ematera etortzeko. Pixka bat denetarik, saiatzen gara nahi dutenei aukera ematen. Hala ere, gehienak Euskal Herrikoak izan ohi dira.
Uste duzu garrantzitsua dela hasi berriei aukera hori ematea?
Bai, noski. Gainera, mikro irekiak egiten digu. Pandemia aurretik asko egiten genituen, orain gutxixeago. Hori beti da aukera ona hasi berrientzat. Hauek ez dute agian aukera edo repertorioa izaten ordu bete jotzeko, baina mikro ireki sesio batean ahal dira atera, hiru abesti jo eta listo. Orain, pandemiarekin, zaildu egin da hau egiteko aukera. Horregatik, momentu honetan ez gara egiten ari, jende asko biltzen delako eta kudeatzea nahiko zaila delako.
Etorkizunera begira, ze aurreikuspen duzue?
Momentuz, gure helburua berdin jarraitzea da. Kontzertuak ematen jarraitzea, eta ekitaldiak antolatzea. Horrekin batera, hemengo kuadrillak etortzen jarraitzea da nahi duguna. Horregatik, prezioak ere betikoak dira, ez ditugu aldatu.


