Donostiarra bandera batekin itzuli da Galiziatik
Donostiarrako arraunlariek Rianxoko bandera altxa zuten larunbatean. (Argazkia: Eusko Label Liga) Donostiarrak bi estropada jokatu ditu asteburuan Galiziako uretan, Arousako itsasadarrean, eta bandera batekin itzuli da Donostiara. Hain zuzen, Rianxoko bandera irabazi zuen larunbatean, 19:59,90 minutuko denbora eginda. Bigarren txandan atera ziren Donostiakoak, eta banderaren sailkapen orokorrean ia minutu bateko aldea atera zioten Santurtziri, ligako lehenengoari. Igandean, aldiz, Boiroko estropadan izan zen talde donostiarra, eta laugarrenak izan ziren, 19:26,02 minutuko denborarekin. Santurtzi izan zen lehenengo sailkatua, 19:21,44 minutuko denborarekin.
Horrela, ligako sailkapenean gora egin du Donostiarrak: bosgarrena izatetik laugarrena izatera pasa da, 105 punturekin —Santurtzi da lehenengoa, eta 129 puntu ditu—. Patroi onenen sailkapenean, aldiz, Donostiarrako Arkaitz Diazek lehenengo postuan jarraitzen du, 18 punturekin.
Futbolean, Realak ezin izan du iaz irabazitako Euskal Herria Txapela defendatu, 1-3 galdu baitu Osasunaren aurka. Bere jokalari onenetako batzuk gabe joan zen Reala Irungo Gal estadiora, eta hori dela medio, ez zen gai izan talde nafarra gainditzeko, Osasuna izan baitzen nagusi neurketan. Budimirrek egin zuen lehenengo gola, Willian Josek berdiketa jarri zuen markagailuan, Budimirrek berriz aurreratu zuen talde gorritxoa eta Jaumek sartu zuen hirugarrena.
Eskubaloiari dagokionez, Bera Berak larunbatean abiatu zuen denboraldi-aurrea, ondo baino hobeto abiatu ere. Izan ere, 26-38 irabazi zuen Zuazoren aurka Barakaldon.

