‘Donostiari Begira’ erakusketa dago Urgullen hiriaren historia ezagutzeko
'Donostiari begira' erakusketa. (Argazkia: Idaira Agirregomezkorta) Historiaren Etxeak ekainaren 18an zabaldu zuen Donostiari begira erakusketa Motako Gazteluan. Erakusketa honek Donostiak historian zehar izan duen ibilbidea erakusten du, bere bilakaera ekonomiko, soziala, urbanistikoa eta kulturala barneratuz, eta euskal identitatearen papera goraipatuz. Horrez gain, gure historia garaikidean sakontzeko aukera ematen du, eta gure izanera itzultzeko ere bai. 6 zatitan banatzen da erakusketa: Nortasun ezaugarriak, Urgullen gerizpean, Merkataritza hiribildua, Jai-egutegia, Gotorleku izatetik hiri izatera eta Urgullen Magalean, Donostiako estanpak.
Horrela, San Telmo museoak klaustroan izan dituen kanoiak igo ditu museotik Urgullera. Horrez gain, horien gaineko informazioa ere webgunean dago irakurgai. Artilleriako bildumak 48 kanoi ditu, horietako 36 Urgullen; gehienak lehorrekoak edo ontzikoak dira.
Pandemiaren ondorioz denbora luzez egon dira Urgulleko zentroak itxita. Uda honetan, ordea, hiru zentroak zabalik daude: Historiaren Etxea, Natur Txokoa eta Liburutegia.
Donostiari begira erakusketa irailaren 12ra arte egongo da ikusgai Motako Gazteluko Historiaren Etxean, egunero 11:30etik 19:00etara.

