Donostia abordatu dute aurten ere piratek
Enbatari eta beste hainbat zailtasuni aurre egitera ohituta daude Donostiako Piratak, eta iaz egin zuten moduan, aurten koronabirusaren pandemiari ere aurre egiten ari dira. Hain zuzen, ostegunean emango diote hasiera Kabotajeari, Aste Nagusi Pirataren ordez prestatu duten egitarau herrikoiari. Ohiko egoera batean, ordea, abordatzearen eguna izango litzateke gaurkoa, piraten egun handia. Horregatik, piratak ez dira etxean gelditu, eta Donostia modu sinboliko eta xumean abordatu dute aurten ere, alaitasunez baina arduraz.
40 bat pirata Ikatz kalean bainujantzia jantzita bildu dira arratsaldean, eta beso azpian koltxonetak eta flotagailuak hartuta, kaira abiatu dira. Han, tornozulotik behera uretara jaitsi dira banan-banan, eta giro alaiean kaiko arrapalarantz abiatu dira igerian, bidean elkarri ura botatzen ziotelarik eta batzuek besteen koltxonetan abordatzen zituztelarik. Denak arrapalara heldu direnean, Hesi eta guzti, kaia busti! zioen pankarta atera dute, eta kantatzen eta txaloka amaitu dute abordatzen sinbolikoa.