30 urte Morlansko sarraskitik
Duela hogeita hamar urte, Guardia Zibilak ETAren aurkako operazio bortitza burutu zuen Morlans auzoan. Donostia komandoko Patxi Itziar, Jokin Leunda eta Iñaki Ormaetxea hil zituzten tiroketa luze batean.
1991. urte hartako Aste Nagusiko larunbatean, Guardia Zibilak Donostia komandoaren eta Ipar Haizea taldearen aurkako operazioa hasi zuen, eta hamar lagun atxilotu zituzten Errenterian, Irunen, Usurbilen eta Donostian. Goizeko 10ak aldera, Guardia Zibilak Morlans auzoko Tolaretxe eraikina inguratu zuen. Horrela, Patxi Itziar, Jokin Leunda eta Iñaki Ormaetxea hil zituzten tiroketa bortitz batean. Maria Eugenia Muñagorri pisuko jabea ere bazegoen, baina hau bizirik atera zen. Honen esanetan, eguerdia heldu ahala polizia pisuan zeudenei gasa botatzen hasi zen: “Hasieran negar gasa jaurti zuten, baina gero beste gas mota bat bota ziguten, oso mingarria, dena erretzen zuena”. Ondoan zuen txakurra hil egin zen gas harekin, eta poliziei irteten uzteko eskatu zien Muñagorrik.
Enrique Rodriguez Galindo teniente koronela eta Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendariak gidatu zuten operazioa. Gertatutakoaren berri emateko inguratu ziren argazkilariek salatu zutenez, Poliziak karreteak eta bideo zintak kendu zizkieten. 1991ko abuztuaren amaieran Donostiako Lehen Instrukzio Epaitegiak ikerketa bat jarri zuen martxan gertatutakoa argitzeko, baina bi urte beranduago kasua artxibatu zuten kriminalitaterik egon ez zela ondorioztatuta.
Hildakoen senideek eta ezker abertzaleak sarraskitzat jo zuten gertaera, helburua militanteak ‘exekutatzea’ izan zela defendatuz. Muñagorriren hitzetan, “garai gogorrak ziren, eta komando bat harrapatzen zutenean, (poliziek) kideak hil eta bakarren bat uzten zuten bizirik, hari informazioa ateratzeko”. Hau Antiguako eta Intxaurrondoko kuarteletara eraman zuten Madrilera eraman aurretik. Tortura latzak sufritu zituztela azaldu du Muñagorrik.
Oroimen ekitaldia Morlansen
Iñaki Ormaetxea, Jokin Leunda eta Patxi Itziarren memoria oroitzeko eta justizia eskatzeko, bateratzea egingo dute Morlansko plazan larunbat honetan, abuztuaren 21ean, 12:00etan.