Asteazkenean bukatuko da Rayo Vallecanoren aurkako partidako sarrerak eskatzeko epea
Hamazazpi hilabeteren ondoren itzuliko da lehen talde txuri-urdina Anoetara.
Martxan jarraitzen dute abuztuan Anoetan jokatuko diren azken hiru partidak ikusteko sarreren eskakizunek. Bihar, abuztuak 18, 12:00etan itxiko da Rayo Vallecanoren aurkako partida ikusteko sarrerak eskatzeko epea. Igandean izango da partida hau, 17:00etan, eta hamazazpi hilabeteren ondoren itzuliko da lehen talde txuri-urdina Anoetara. Pasa den larunbatetik posible da abuztuko azken hiru partidetarako sarrerak eskatzea, eta partida hauetarako sarrera eskatzeak ez du aurrerago jokatuko diren partidak ikusteko aukera kenduko.
Bestalde, Levanteren aurkako partida abuztuaren 28an izango da, 19:30ean. Hau ikusteko sarrerak eskatzeko epea abuztuaren 25eko 12:00etan itxiko da. Horrez gain, Sansek CF Fuenlabradaren aurka jokatuko du abuztuaren 29ko 19:30ean, eta hau ikusteko sarrerak eskatzeko epea abuztuaren 26ko 12:00ak arte izango da. Sarrerak www.realsociedad.eus webgunean daude eskuragarri.
Momentu honetan %20ko edukiera dago araututa Anoetan. Hala ere, aurreikuspenak baikorrak dira, eta irailetik aurrera edukiera kopurua handitzea espero da. Horregatik, abuztuan jokatzeko geratzen diren hiru partidetan zozketa bana egingo da. Ondorioz, edukiera kopurua handitzen denean, berriz eguneratuko dira sarrerak eskuratzeko moduak.
Partidak ikustera taldean joan nahi izanez gero, klubak sarrerak lehen orduan ez eskatzeko gomendatzen du, eta eskakizuna aldi berean egitea, zozketan talde bezala kontuan hartzeko.
Txurdini gola sartzeko aukera
Bazkidea bazara eta lehen taldearen edo Sanseren partidetara joaten bazara, Txurdini gola sartzeko aukera izango duzu. Partida bakoitzeko lehen zatian, bazkide guztien artean zozketatuko da une ahaztezin hau bizitzeko aukera, eta 2021/22 denboraldian zehar egongo da martxan lehiaketa hau.
Lehen taldearen partidetan, hiru aldiz jaurti ahal izango da baloia gola sartzen ahalegintzeko. Gola sartuz gero, denboraldiko abonua doan jasoko du. Sanseren partidetan, ordea, irabazlea Txurdini penalti bat gelditzen saiatu beharko da. Jaurtiketa bat gelditzearekin nahikoa izango da bazkide txartela irabazteko. Realeko langileak harremanetan jarriko dira irabazlearekin.
Markel Embil Ugidos donostiar bazkide gaztea izan zen lehen irabazlea larunbatean Sansek jokatutako partidan. Hirugarren jaurtiketan gelditu zuen Txurdinen penaltia.