Morlansko sarraskiaren 30. urteurrenaren oroimen ekitaldia egin dute
Donostiako herritar talde batek deituta, ehunka lagun elkartu ziren larunbatean Morlansko plazan, Guardia Zibilak duela 30 urte eragindako sarraskia oroitzeko. Jokin Leunda, Patxi Itziar eta Iñaki Ormaetxea hil zituzten lekutik gertu egin zuten oroimen-ekitaldia.
Gertatutako guztia argitu beharra dagoela aldarrikatu eta Espainiako Estatuaren biolentziaren inpunitatea salatu zituzten. “Estatuak uko egin behar dio biolentzia erabiltzeari, ETAk aspaldi egin zuen bezalaxe. Zeren eta hemen, gaur gaurkoz, Estatua da biolentzia aplikatzen duen eragile bakarra, preso politikoei salbuespenezko espetxe politika aplikatzean, epaiketa politikoekin jarraitzean, errelato faltsu eta manipulatu bat ezartzean eta herri honi erabakitzeko eskubidea ukatzean. Azken batean Estatua da gatazka politiko hau iraunarazteko biolentzia erabiltzen duena inpunitate osoz eta indarkeria hori zuritzen duena. Gure galdera da: noiz arte jarraituko du Estatuak bere biolentzia erabiltzen herri honen aurka?”.
Bestetik, egia osoa jakiteko eskubidea aldarrikatu zuten: “Egia osoa argitara ateratzea behar- beharrezkoa da, Patxiren, Jokinen eta Iñakiren heriotzen inguruko zehaztasunak argitzea, ezinbestekoa. Herri honetan ezkutuan gelditu diren pasarte ilun ugariak argitzea exijitzen dugu, gerra zikina esaterako, zigorgabe gelditu diren ia milaka tortura kasuak esaterako, desagertuta jarraitzen duten euskal herritarren kasuak esaterako eta segurtasun indarrek hildako militanteen kasuak esaterako”.

